Orain arteko pregoilari gazteenek eman diete hasiera Legorretako jaiei
Ugaro nesken saskibaloi taldeak eman die hasiera Azintzio jaiei. Igandera arte egitarau oparoa izango dute. Larunbatean, Ze Esatek, Anita Parker eta Esne Beltza taldeek joko dute
Legorretan festak dira dagoeneko, 18:30ean puntuan Ugaro nesken saskibaloi taldeko kideek udaletxeko balkoitik suziria bota eta pregoia esan eta gero. Igandera arteko egitarau oparoa dute aurretik legorretarrek. Herriko zaindariaren eguna, Azintzio eguna, gaur ospatuko dute eta larunbata izango da mozorroen eguna. Igandean 21:00ean izango da jaien amaiera iragartzeko ekitaldia, atzotik udaletxeko balkoian jarrita dagoen Gizon Pikuaren ehorzketa.
Azintzio jaiek sekula izan dituzten pregoilari gazteenak izan dituzte aurten. «Ilusio handiarekin» agertu ziren atzo haien udaletxeko balkoian, festen hasiera emateko. Pregoia, beste neska batzuei kirola egiteko mezua bidaltzeko ere baliatu zuten.
Pilota txapelketa
Azintzio jaien hasiera ofiziala suziriaren jaurtiketarekin izan da, baina aurretik Gazte Piku asanbladak antolatutako pilota txapelketa herrikoiaren finala jokatu da. Partidak 17:00etan hasi dira. Helduen kategorian Igor Diezek eta Aitor Bergantiñosek, Ander Madinabeitiari eta Aritz Jauregiri irabazi diete.
Pilotarekin jarraituz, pilota jaialdia antolatu dute igande arratsalderako. Punta-puntako pilotari eta palariak izango dira. Eskuz binaka, Patri Espinarrek eta Oihana Orbegozok, Olatz Arrizabalagaren eta Maider Mendizabalen kontra neurtuko dituzte indarrak. Palaz binaka, berriz, Miren Larrartek eta Ma-ddi Mendizabalek, Amaia Irazustabarrenarekin eta Miriam Arrillagarekin neurtuko dituzte indarrak.
Kirola eta gehiago
Kirolaz gain kontzertu aukera polita ere izango da festetan. Larunbatean, Ze Esatek, Anita Parker eta Esne Beltza taldeek joko dute plazan.