Sasietak konposta banatuko du dohainik
'Kalitatezko konposta zuri' esker lelopean, sentsibilizazio kanpaina jarriko du martxan astelehenean. Ekainaren 3an Ataunen hasiko dira banatzen. 20 saski ere zozkatuko dituzte.
Sasieta Mankomunitateak Kalitatezko konposta zuri esker lelopean, sentsibilizazio kanpaina jarriko du martxan astelehenean. Goierriko 14 herri handienetan, Gipuzkoan gaika bildutako materia organikoarekin egindako konposta doan banatu eta informazioa emango diete herritarrei.
Sasietako Iñaki Erauskinen esanetan, “euren etxebizitzetan egunero hondakinak txukun bereizten dituzten pertsona guztiei eskerrak emateko modua da”. Leire Artola Beasaingo zinegotziak gaineratu duenez, “lan isil horrek mankomunitatean bataz beste % 76ko gaikako bilketako indiziea lortzera eraman gaitu. Indize hau oso altua da, Gipuzkoak 2019-2030 Hondakin Planean 2030 urterako onartu berri duen % 70eko birziklatze helburua gainditzen du”.
Hala ere, etorkizunari begira, bi erronka “handi” dituzte Sasietan: batetik, % 80ko gaikako bilketako indizea lortzea eta bestetik, bildutako materialaren kalitatea hobetzea.
Azken puntu hori oso garrantzitsua da Erauskinentzat, bildutako materia organikaoren kalitatea oso garrantzitsua baita “zirkulua ixteko”. “Berdin gertatzen da ontzi arinen, paperaren eta kartoiaren kasuan ere eta hauxe da ekonomia zirkularraren erronka handiena. Bildutako materialaren kalitatea da zirkularidadearen giltzarria”.
Bilketa egokia
Beraz, “kalitatezko birziklapena lortzeko material inpropio edo desegokien maila gutxitzea ezinbestekoa da, birziklatzea oztopatzen duelako eta horrek ingurumenean eta ekonomian dituen ondorioengantik ere”. Hala ere, “Gipuzkoako konposta izeneko markarekin egiten den konposta kalitate mailarik altuena” duela gogoratu dute: “A motako konposta da. Baina kalitate hori lortzeko material desegokien mailak ezin du %5a gainditu”.
Honela, konposta oparitzeaz gain, herrietan jarriko dituzten karpetan bi hezitzaile egongo dira informazioa eman eta edozein zalantza argitzeko. “Hurbiltzen direnei informazio orri bat emango zaie bilketaren eta honekin lortutako produktuaren kalitatea bereziki azpimarratuko duena eta antzeman ohi izan diren ohiko akatsen inguruko informazioa jasoko du”. Akats horien artean ohikoenak, ondorengoak dira: poltsa konpostagarriak erabili beharrean plastikozko poltsak erabiltzea, pixoihalak botatzea, edo ontziratutako janaria botatzea.
Konposta zertarako erabil daitekeen ere azalduko da esku orrian.
Egutegia
Poltsa konpostagarrietan banatuko dute konposta (4 kg. inguru), poltsa etxean berrerabili dadin. 16:00etatik 20:00etara bitartean jarriko dute herrietan eta konposta jasotzeko ezinbestekoa da poltsa konpostagarriak lortzeko erabiltzen den txartela eramatea. Konposta hartzera edo informazioa jasotzera bertaratzen diren herritar guztiek kanpaina bukaeran egingo den 20 saskiren zozketan parte hartu ahal izango dute. Saskian Gipuzkoako Konpostarekin egindako hainbat produktu zozkatuko dituzte: sagardoa, ardoa, txakolina…
Konposta edozein herritan jaso badaiteke ere, hona hemen Sasietak prestatu duen egutegia. Altzaga, Arama, Ezkio, Gabiria, Itsaso, Itsasondo, Mutiloa eta Zeraingo herritarrek Beasaingo edo Ordiziako garbigunean jaso dezakete konposta ekainean zehar.
- Ekainak 3: Ataun. San Martin plaza.
- Ekainak 4 eta 5: Ordizia. Foruen pasealekua, 1.
- Ekainak 6: Idiazabal. Plaza.
- Ekainak 7 eta 10: Lazkao. Plaza.
- Ekainak 11 eta 12: Zumarraga. 11n Euskadi plazan, 12an Kalebarren plazan.
- Ekainak 13: Legorreta. Plaza.
- Ekainak 14: Olaberria. San Joan plaza.
- Ekainak 17 eta 18: Gernikako pasealekua.
- Ekainak 19 eta 20: Urretxu. Areizaga plaza.
- Ekainak 21: Ormaiztegi. Plaza.
- Ekainak 24: Zaldibia. Plaza.
- Ekainak 25: Zegama. Jose Maiora plaza.
- Ekainak 26: Segura. Aparkalekua.
- Ekainak 27 eta 28: Legazpi. Kale Nagusia.