«Zaleak edonon dituzu ibilbidean zehar oihuka; hunkigarria da»
Iaz egin zuen lehen aldiz mendi maratoia kataluniarrak (Banyoles, 1994). Medi eskian aritzen da neguan eta nahi adina entrenatzerik izan ez badu ere, maratoian eta Kilometo Bertikalean lehiatuko du.
Nazioartean pare bat lasterketa egin dituzu aurten Zegamara etorri aurretik.
Bai, Japonian eta Txinan aritu naiz lehiatzen orain arte eta ordutik ez naiz oso ondo sentitu entrenamenduetan. Zegama-Aizkorrin irtetea eta nola aurkitzen naizen ikustea sorpresa bat izango da.
Igandeko maratoian bai, baina Kilometro Bertikalean ere parte hartuko duzu.
Bai, duela hiru urte Zegaman Kilometro Bertikala lehiatzera joan nintzen eta ordutik urtero egon naiz bertan.
Maratoia berriz, iaz, ustekabean iritsi zitzaidan. Berritasuna izan zen eta bietan lehiatzen jarraitzea gustatuko litzaidake.
Bi probetan lehiatzean atseden hartzeko denbora gehiegirik ere ez duzu.
Bai, deskantsatzea garrantzitsua da proba batetik bestera baina egun bateko tartea dago eta errekupera zaitezke. Kilometro bertikalak ez du horrenbeste neke fisikorik eragiten, ez dagoelako inpakturik giharretan.
Zure egutegian zenbaterainoko garrantzia du Zegama-Aizkorrik?
Nolabait esateko lasterketa honekin hasi nintzen distantzia luzekoetan lehiatzen nazioarte mailan eta oroitzapen oso onak ditut. Aurten ere ilusio gehien sortzen didan lasterketa da. Iazko emaitzak eta esperientziak hunkitu egin ninduen.
Ze gorputzaldirekin iritsi zara Zegamara?
Mendi eskian entrenatzen eta lehiatzen dut neguan zehar. Denboraldia amaitu ondoren, bizpahiru astera Japoniako lasterketara joan nintzen. Korrika egitera nola egokituko nintzen zalantza nuen, batik bat giharrei dagokienez, kirolez aldatuta indar desberdinak lantzen direlako.
Txinatik itzulita ikusi beharko da nola erantzuten didan gorputzak, bidaiengatik eta negutik dakarkidan nekeagatik. Azken astea ez dut ona izan, nekatuta sentitu naiz eta Zegaman ikusiko dut nola nagoen.
«Ustekabean lehiatu nuen iaz maratoia eta bietan lehiatzen jarraitu nahi dut»
«Burua kontrolpean izan behar duzu. Zaleen oihuek orduan laguntzen dute»
Nola egokitzen da bat eskiekin lehiatzetik korrikarako zapatilak janztera?
Okerrena giharretako mina da. Mendiko eskian ez dago inpakturik giharretan, kirol suabea da alde horretatik, eta zuntzak ez ditu mintzen. Korrika hasten zarenean giharretako nekea da, fisikoki ondo prestatuta gaudelako baina jaitsieretan asko behartzen duzu gorputza. Lan saio on baten ondoren errekuperatzea ere ez da berdina, gehiago kostatzen da.
Euskal Herritik kanpo zenbateraino da ezaguna Zegama?
Katalunian lasterketa garrantzitsuenetakoa da, bertako giroa ez dagoelako inon. Euskal Herrian ezagutza handiagoa izango da bertakoa delako, baina Katalunian ere izen handikoa da.
Kilometro Bertikaletik maratoira egin zenuen jauzi iaz.
Bi aldiz pentsatu gabe aurkeztu nintzen maratoira. Iazko Zegama-Aizkorri luzera honetako bigarren lasterketa nuen. Duela bi urte egin nuen lehenengo maratoia eta oso gaizki amaitu nuen, ia oinez. Beraz iazkoa esperientzia berria izan zen niretzat.
Aurrez informatu nintzen, bideoak ikusi nituen eta jendeak oso ondo hitz egiten zuela banekien. Dortsala eskaini zidaten eta ez nuen bitan pentsatu.
Nola bizi izan zenuen maratoia lehen aldiz barrutik?
Lasterketa guztiak ibilbide ona du. Hori ez da erraza aurkitzen, askotan ibilbide zatarrak izaten dira, baina Zegama-Aizkorri berezia da alde horretatik ere. Inguru guztia gustatu zitzaidan, eta zer esanik ez zaleak.
Lasterketan zehar dagoen jendetza izugarria da. Behetik Santi Spirituraino albotara begiratu eta jendea besterik ez duzu ikusten. Horrek hunkitzen nau.
Aurten ze helbururekin irtengo zara?
Podiuma gustatuko litzaidake, baina lehen hamabostetan helmugaratuta nahikoa dut. Gogotsu nago eta aurrez Zegama-Aizkorrirako entrenatzeko ere irrikaz nengoen, baina bidaien eta nekearen ondorioz ez naiz gorputzaldi onenean aurkitzen.
Honelako proba luzeetan zaleen oihuek laguntzen al dute?
Jendez inguratuta egoteak lagundu zaitzake, baina burua zure tokian baduzu. Nik iaz Aizkorrirako igoeran, jendetzaren ondorioz, erritmoa bizkortu nuen eta hori ondoren norbere kalterako da. Burua kontrolpean baduzu zaleen oihuak lagundu zaitzakete bai!