Artisau azokak hasiera emango dio Ekain kulturalari
Bete-betea dator Ormaiztegin antolatu duten Ekain kulturala. Igandean hasi eta ekaina amaitu bitartean ez du etenik izango. Kultura, kirola eta aisia uztartu dituzte
Ormaiztegin Ekain Kulturalarekin egiten diote harrera udari. Hots, kultura, kirola eta aisialdirako hamaika aukera eskaintzen dituen ekintza programa antolatu ohi dute azken urteetan. Aurtengoan, bete-betea dator eta etzi hasiko da, igandearekin, Bertako Ekintzaile eta Artisauen IV. Azokarekin, non Ormaiztegi bertakoek parte hartzen duten.
Egitasmoaren barruan egingo dituztenen artean daude liburu tertuliak, Musikal jaialdiko kontzertuak, Erreka eguna, arku erakustaldia, Kalean Josteko eguna, zikloturista martxa, Kulturarteko azoka, hitzaldiak, ardo dastaketa, ipuin kontaketa eta Ormaiztegi Lorez. San Joan bezpera ospatu ondoren, gazteek emango diote amaiera Gaztelekuak antolatutako txango batekin.
Hurbilenak
Hurrengo asteko ekintzetan lehena Zumalakarregi museoak eta udalak elkarlanean antolatutako migrazioei buruzko liburu tertulia da. Asteartean izango da, ekainak 4. Irakurleak, Monica Leivak gidatuta, Robert Laxalten Dulce tierra prometida liburuaz mintzatuko dira.
Ekainaren 6an, Musikaleko lehenengo kontzertua izango da. Ertzak taldeak egingo du kontzertua, 20:00etan, Karpan.