Elustondo anai-arrebak trikiti disko berriarekin datoz
Elkar argitaletxearekin ondu dute eta 'Bizirik dauden eskuak' izeneko bigarren lan luzea. Aurreko diskoak utzitako arrasto onak animatu ditu beste lan hau argitaratzera. 16 abesti eta pieza bildu dituzte.
Agurtzane eta Ion Elustondok disko berria aurkeztuko dute gaur. Elkarren zigiluarekin atera dute eta Bizirik dauden eskuak izena jarri diote 16 pieza biltzen dituen lanari. Trikitilari legazpiarrek bigarren lana dute. Elkarrek honela deskribatu du Elustondotarren diskoa: «Ofizioari eskainitako urte mordoak eta soinu txikiaren doinu alaietarako eta ameslarietarako duten berezko senak, landutako dotorezia eta etorria agerian utzi ditu».
Hamasei pieza jaso dituzte diskoan, «Aizkorriko iparraldetik behera saltoka jausten diren errekastoen modura datozkigu banan-banan, dirdiraz eta bizitzaz beteak» diote Elkarretik.
Martin Aginalderen hamar pieza grabatu dituzte, garai bateko jotzeko zein sortzeko era eguneratu dute. Aginalderenak sueltoko abestiak dira trikitia, porrusalda, fandangoak eta arin-arinak. Agurtzane Elustondok azaldu duenez, «harekin elkartu gara eta halako piezak ez, edo zatiren batejkez gintuela betetzen eta aldatu egin dugu». Ale horiek modu klasikoan grabatu dituzte, trikitia eta panderoa ala kriskitin hutsez, ahotsaz eta irrintziez lagunduta.
«Trikizaleak, fidelak»
Beste piezak kantak dira, bertsioak. «Batik bat, garai batean erromerietan jotzen zituzten piezak dira. Ziurrenik, pieza horiek modan egongo ziren, eta orduko soinu-joleek, trikitiaren galbahetik pasako zituzten, baina, saiatu garen arren, batzuetan ez dugu originalak nolakoak ziren jakiterik lortu eta gure erara moldatu ditugu», azaldu du Elustondok. Abestion moldaketak Agurtzane Elustondok berak egin ditu. Atondu, eta hainbat musika tresna lagun grabatu dituzte, are, puntako musikariak bidaide izan dituzte: Michel Longaron (bateria eta perkusioa), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Gurutz Bikuña (gitarra akustikoa), Xabier Zeberio (biolina), Xabier Berasaluze Leturia (panderoa eta kriskitinak), Jose Maria Santiago Motriku (panderoa), Gotzone Sestorain eta Pilar Aresti (irrintziak).
Kantuen hitzak Xabier Amurizak (2 kantu), Jon Sarasuak (2 kantu), Asier Iriondo (kantu 1) eta Nerea Elustondo ahizpa-arrebak (3 kantu) idatzi dituzte. Ion Elustondok abesten ditu Estitxu Pinatxoren laguntzarekin.
Aurreko diskoa kaleratu ondoren, esperientzia eta jendearen harrera «hain izan ziren onak, beste lan bat egiteko gogoa berehala piztu zitzaigula», dio Agurtzane Elustondok, «baina gero horretatik bizi ez bazara, egunerokotasunak denbora gutxi uzten dizu eta pixka bat hozten zara…». Azkenean esku artean doinu politak zituztela, eta animatu egin dira.
Egia da jendeak gero eta disko gutxiago erosten dituela, hala ere, Elustondok dioenez, «trikizaleak nahiko fidelak dira».