Gazteen proba ere hazten ari da
Junior Trail 16-18 urte arteko gazteen lasterketak 8. ekitaldia du aurten .Parte hartzeak gora egin du eta 93 lagunek parte hartuko dute, horietatik zortzi dira goierritarrak
Zegama-Aizkorri maratoiaren antolatzaileek duela zortzi urte hasi ziren harrobia lantzeko proba bat antolatzen, eta urtez urte, sendotzen eta hazten ari da. Aurten zortzigarren ekitaldia izango du, eta azken urteetako parte-hartzerik handiena espero dute: 16-18 urte arteko 93 korrikalari (muga 100 korrikalaritan dute jarria). Erdiak baino gehiago euskaldunak dira, eta horietatik 8, goierritarrak.
Lasterketak 10,4 kilometroko luzera eta 505 metroko desnibel positiboa du, eta igande goizean egingo dute, 10:30ean plazatik abiatuta. Maratoiak eta haren inguruan dagoen mugimen- duak erakartzen ditu asko; beste asko berriz, parte hartuko duten gurasoekin batera datoz.
Lasterketak hiru urtetako adin tartea hartzen duenez, zaila da faboritoez hitz egitea, urtetik urtera aldatu baitaitezke parte-hartzaileak. Emakumezkoetan ordea, azken bi edizioetan irabazi duen Ane Iturria tolosarra izango da jarraitu beharreko izena. Marka berriz, Leire Fernandezek jarri zuen 2014an: 52:27. Mutiletan, Nikolas Molina, azken bi edizioetako irabazlea, ez da etorriko aurten, eta haren tokia hartzeko lehia izango da.
Aitaren pausoen atzetik
Zegama Aizkorri lasterketarekin batera jaio zen Unai Moran zegamarra, 2002an. Txiki-txikitatik ezagutu eta jarraitu du maratoia, aita ere urte askoan atera baita bertan korrika. Haren pausoak jarraitu nahi izan ditu, eta aurrena boluntario bezala, eta orain parte-hartzaile moduan, heldu dio Junior Trailaren erronkari.
Joan den urtean, antolaketa lanetan aritzeko «boluntario» aurkeztu zen, lagun batzuekin batera. Junior proban «eskoba moduan» aritzeko proposatu zioten, eta baita egin ere. «Esperientzia polita izan zen, errepikatuko nuke». Aurten ordea, korrikalari moduan ariko da, beti ere, helburu moduan maratoia hartuta. «Nire aitaren pausuak jarraitu nahi ditut. Ea egunen batean beraren laguntzaz maratoia bukatu ahal dudan».
Arerio baino gehiago, lagun
Oier Larrañaga lazkaotarra da igandeko proban parte hartuko duten gazte goierritarretako bat. Dituen erreferentzien arabera, «47 minuturen inguruan» ibiltzea espero du. Harekin batera parte hartuko dute Jon Etxeberia eta Jon Zeberio herritarrek; biak ere «azkarrak» direla dio baino berak ere hortxe ibiliko delakoan dago. Beraien artean ez dago lehiarik ordea, «aurkariak baino lagunak» baitira.
Jon Etxeberriak ere aurreneko aldia du Junior Trailean, eta «helburua eta garrantzitsuena gozatzea» dela esan du, eta bide batez, «mendiko karrerak ondo» doazkion edo ez ikusi nahi du.
Fitxa teknikoa
- Eguna: 2019ko ekainaren 2a.
- Irteera-helmuga: Zegamako plaza.
- Irteera ordua: 10:30.
- Distantzia: 10,4 kilometro.
- Gorako desnibela: 505 metro.
- Beherako desnibela: 511 metro.
- Gehieneko altuera: 735 metro.
- Gutxieneko altuera: 296 metro.
- Zailtasuna: Ertaina.
- Gehienezko kopurua: 100.
Garaipen zerrenda
2012 denbora
· Adolfo Campillo ……………. 47:40
· Marta Cester ………………. 1:13:03
2013
· Juan Jose Rodriguez ……… 47:46
· Olatz Unanue (Arama) … 1:01:09
2014
· Abel Cuadrench ……………. 48:08
· Leire Fernandez ……………. 52:27
2015
· Jan Margarit ………………… 45:08
· Leire Fernandez ……………. 54:49
2016
· Daniel Osanz …………………. 46:30
· Lide Urrestarazu (Ordizia). 55:27
2017
· Nikolas Molina ……………… 46:04
· Ane Iturria ……………………. 58:46
2018
· Nikolas Molina …………….. 44:59
· Ane Iturria ………………… 1:00:22