Goilurrak aurreneko rallyak Goierri eta Urola bailarak lotuko ditu, zortzi zatirekin
Zapatuan jokatuko da, Lazkaoko Ikullu eta Azkoitiko Errebueltie taldeek antolatuta. Lau ibilbidetan 86 kilometro osatuko dituzte
Zortzi erlojupekorekin osatutako lasterketa-autoen I. Goilurrak rallya bihar jokatuko da, Goierriko eta Urola Erdiko errepideetan. Lazkaoko Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie autozale taldeek antolatu dute, eta euskal rally egutegiak 2019an dituen zazpi probetatik hirugarrena izango da. Orain hurrena, RACen Vasco-Navarro izan zen Goierrin egin zen azken rallya, 2003ko urrian.
Izan ere, jauzi kualitatibo handia egin dute bi eskuderiek Goilurrak antolatuta. Normalean eskualdean egin ohi diren ibibide bakarreko rallyesprinten aldean, antolakuntza, logistika, errepide eta ordutegi askoz handiagoa behar baitu rallyak. 100 bat laguntzaile, segurtasun komisario eta boluntario ariko dira lanean, bihar. Egun osokoa da.
Goilurrak rallyak Lazkao izango du gune nagusietako bat —bestea Azkoitia—. Herenegun aurkeztu zuten, eta gaur arratsaldean egiaztapen administratiboak (Itzala tabernan) eta teknikoak (Alboka-Zelata aurrean) bertan egingo dira. Irteera ekitaldia Azkotian gaur 20:30ean irudikatu, eta Lazkaora itzuliko dira lasterketa-auto guztiak, CAFen aparkaleku itxian gaua egiteko.
Lau ibilbidetan zortzi zati
Lehiaketa-eguna biharkoa izango da. Lau ibilbide zehaztu dituzte lasterketarako, zirkulazioarentzat itxita egongo direnak karrera garaian. Hiru Goierrin, eta bat Azkoitia-Elgoibar artean. Ibilbide horietako bakoitzean bina pasaera eman beharko dituzte partaideek, txandaka.
Goizean Mandubian eta Azkoitian ibiliko dira. 08:00etan hasiko da, Salbatore-Mandubia-Matxinbenta bidean. Azkarateko zatiarekin tartekatuko dituzte lehen lau erlojupekoak.
Arratsaldean, Garin eta Mutiloa ibilbideetan jokatuko dira beste lau erlojupeko.
Guztira, erlojuaren kontra 86,58 kilometro beteko dituzte autoek; horiek zirkuitu itxian. Ibilbide batetik bestera joateko loturak ere batuta (zirkulazioa irekita), denera 281,22 km dira.
Rallyetan ohi den eran, ikusleek sarrerarik ez dute ordaindu beharko. Autoa utz daitekeen tokian ikusteko aholkatu diete, zatia amaitu eta berehala hurrengora joan ahal izateko. Segurtasun arauak bete eta komisarioei kasu egiteko eskatu dute.
53 talde daude izena emanda. Errepideko espezialista onenak tartean dira: Aingeru Castro, Txus Jaio, Iñigo Alustiza edo Gorka Antxustegi. Goierritarrak ere mordoa aterako dira.
Rallyaren ibilbideak
Mandubia
- Ibilbidea. Salbatore-Mandubia-Matxinbenta (Gi-2632).
- Luzera. 10,6 km.
- Ezaugarriak. Zati oso azkarra.
- Erlojupekoak. 1.a eta 3.a.
- Errepidea itxita. 07:45-14:00
Azkarate
- Ibilbidea. Azkoitia-(baserri bideetatik igo)-Azkarate-(errepide zaharretik jaitsi)-Elgoibar.
- Luzera. 10,06 km.
- Ezaugarriak. Igoera hormigoizko basa-bide estutik. Zikin, umela. Teknikoa. Jaitsiera azkarra.
- Erlojupekoak. 2.a eta 4.a.
- Errepidea itxita. 08:30-14:30.
Garin
- Ibilbidea. Arriaran-Garin-Astigarreta-Mandubia-Salbatore.
- Luzera. 11,86 km.
- Ezaugarriak. Igoera sigi-sagatsua, estua. Jaitsiera oso azkarra
- Erlojupekoak. 5.a eta 7.a.
- Errepidea itxita. 16:00-21:00
Mutiloa
- Ibilbidea. Ormaiztegi-Gabiria (Ugarana, goiko bidetik)-Meategiak-Aizpea-Zerain-Mutiloa.
- Luzera. 10,77 km.
- Ezaugarriak. Lehen zati azkarra, meategi igoera estua.
- Erlojupekoak. 6.a eta 8.a
- Errepidea itxita. 16:00-21:00.
Ordutegiak (1. autoa)
- 08:00. Irteera neutrala Lazkaon
- 08:50. Mandubian 1. zatia
- 09:40. Azkaraten 2. zatia
- 12:05. Mandubian 3. zatia
- 12:55. Azkaraten 4. zatia
- 16:30. Garinen 5. zatia
- 17:00. Mutiloan 6. zatia
- 18:45. Garinen 7. zatia
- 19:15. Mutiloan 8. zatia
- 20:30. Sari banaketa Lazkaon