Sen onarekin jokatzeko
Goierriko Gurutze Gorriko 50 boluntario inguruk lan egiten dute mendi maratoiaren egunean .Medikuak, erizainak, larrialdietako teknikariak eta erreskateetan adituak izaten dira, besteak beste.
Argi dago Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartzen duten korrikalariek prestakuntza fisiko ona behar dutela izan. Bada gauza bera gertatzen da Gurutze Gorriko osasun-estalduran ariko diren boluntarioen artean ere. 50 lagun inguru ariko dira igandean lanean: medikuak, erizainak, osasun larrialdietako teknikariak, mendi-erreskatean adituak, koordinatzaileak… .
Talde handi hori mugitu ahal izateko askotariko ibilgailuak behar dituzte, eta eguraldiaren baldintzen arabera alda daitezkeenak: puntako bi anbulantzia, oinarrizko sei, beste bi logistika unitate, koordinaziorako ibilgailu bat eta lur-orotako (4×4) 12 ibilgailu. Helmugan ere ospitale-mugikor bat prestatzen dute Gurutze Gorrikoek, helmugara iristen diren edota erreskate taldeek menditik jaisten dituzten korrikalariak artatzeko. Horretarako erreskate ibilgailuak ibilbidearen zehar ipintzen dituzte leku estrategikoetan.
Dotazio horiek ondo mugitzeko eta momenturo non dauden jakiteko, koordinatzaileek ez dute lan makala. Antolatzaileekin eta 112arekin harremanetan egoten dira, larrialdiaren lekutik gertuen dagoen unitatea ahal den azkarren mugiarazteko. Eguneko ibileren berri sare sozialen bidez emango du Goierriko Gurutze Gorriak.
Zaborrik ez utzi mendian
Lasterketa Aratz-Aizkorri parke naturalean jokatzen denez, antolatzaileek dei berezia egiten diete ikusleei zirkuitua eta ingurumena zaindu ditzaten. Ezin da inondik inora zaborrik utzi; anoa-guneetako edukiontziak erabiltzeko eskatu dute.
Aholkuak
Goierriko Gurutze Gorriak maratoi eguneko korrikalariei eta ikusleei emandako aholku sorta.
- Ibilbidetik ez urrundu. Seinaleztatutako ibilbidetik ez urrundu, ezagutu ezean arriskutsua izan daiteke eta.
- Oinetakoak. Oinetako egokiak erabili. Erosoak behar dute izan, eta zoru egokikoak.
- Abisuei adi. Antolatzaileen eta larrialdi zerbitzuei abisuei adi.
- Beroa. Bero egiten badu, ura edan behar da, eta ahal izanez gero eguzki izpietatik urrundu.
- Ezbeharrak. Istripu edo ezbeharren bat gertatuz gero, antolatzaileei edo Gurutze Gorriari jakinarazi. Lehen sorospena ezagutuz gero, zaurituari lagundu.
- Bideak libre. Larrialdietako ibilgailuei bidea libre utzi. Antolatzaileen eta boluntarioen aginduei men egin.
Informazio praktikoa
Zegama-Aizkorri mendi maratoia ikusteko hainbat datu eta ordutegi baliagarri.
- 08:00: Zegamako plazatik autobusez Apeaderoraino igo daiteke, eta handik Sancti Spiritura Amezti mendi elkartekoekin.
- 09:00: Maratoiaren irteera.
- 10:45: Lehen korrikalariak ordu horretan igaroko dira Sancti Spiritutik. 2,5 kilometrotan 500 metro igoko dituzte Aizkorriko kontrolgunera iritsi arte.
- 11:15-11:30: Lehen korrikalariak Aizkorrira iristeko ordua.
- 13:00: Ordu horretarako espero da lehen korrikalaria helmugan.
- 14:00: Sari banaketa.
- 17:00: Helmugaren itxiera.
Lasterketa burua non
Zegama-Aizkorri mendi maratoiko lehen lasterkariak kontrol guneetatik pasako diren ordua.
- 1. Beunda (10. km) 09:45
- 2. Atabarreta (13. km) 10:10
- 3. Aratz (16,1. km) 10:35
- 4. Sancti Spir. (19,6 km) 10:48
- 5. Aketegi (23,2. km) 11:14
- 6. Oltze (26,6. km) 11:22
- 7. Urbia (28,5. km) 11:40
- 8. Itzubiaga (32,2 km) 11:52
- 9. Moano (34,2. km) 12:04
- 10. Oazurtza (37,8. km) 12:36
Trafikoa
- 1. Ertzaintzak kontrolatutako puntua: 06:30etik itxita. Bereizgarriak (laranja, berdea, hori eta arrosa) dituzten autoak bakarrik sartuko dira Zegamara.
- 2. Intxausti industrialdea: Aparkaleko nagusia.
- 3. Ibarreta: 4×4 ibilgailuentzako aparkaleku alternatiboa. Herrirako sarbidea oinez edo antolakuntzak jarritako autobus zerbitzua erabiliz.
- 4. Otsaurte: 06:30etik 10:30era itxiko du Zegamarako sarbidea Ertzaintzak.