"Beroak baldintzatuko du" Zegama Aizkorri mendi maratoiko podiuma
Lasterketako faboritoak aurkeztu dituzte Zegaman, mendi maratoiaren bezperan. "Zegama dagoen atmosfera bakarra" dela nabarmendu dute korrikalariek. Enrike Erentxun eta Jose Luis Arrieta omendu dituzte. Ezagutu proba irabazteko hautagai nagusiak albiste barruan dagoen argazki galerian.
Igandearekin batera jokatuko da 18. Zegama Aizkorri mendi maratoia, aurtengo edizioa gainera Golden Trails World Series 2019ko lehen proba izango dena. Munduko korrikalari onenen bilgune da egun hauetan Zegama. Ostiralean Kilometro Bertikala jokatu eta gero, larunbatean igandeko mendi maratoiko top 10a aurkeztu dute. Golden Traileko arduradunak gonbidatu dituzte taula gainera. “Zegaman dagoen atmosfera bakarra” dela adierazi dute.
Lasterketari dagokionez, Sancti Spirituko igoera nabarmendu dute, “enblematikoa” dela esanez. Ondoren, Alberto Aierbek, lasterketako zuzendariak, lasterketaren inguruko hainbat xehetasun eta korrikakalarientzat gomendioak eman ditu. Aurreikuspena da tenperatura oso altuekin jokatuko dela proba eta “oso kontutan” hartzeko zerbait dela esan zuen. Zegamako alkateak Joseba Izagirre ere izan da ekitaldian. Egun hauetan Zegamak, dituen biztanleak baino 12 aldiz gehiago hartuko dituela eta horrelako zerbait antolatzea “erronka oso handia” dela esan du.
Omenaldietarako tartea ere izan da ekitaldian. Zegama Aizkorri sortzerakoan orain dela 18 urte, kirol proba horrek aurrera egiteko lagundu zuten Enrike Erentxunek eta Jose Luis Arrietak. Horregatik, gaur, ohorezko makila eman diete.Erentxunek ezin izan du ekitaldian egon eta haren ordez Juan Inazio Galdosek jaso du. Arrietak adierazi duenez orain dela 18 urte hona iritsiko zirenik ez zuten espero eta pozik agertu da Zegama Aizkorrik hartutako garrantziarekin. Galdosek ere egin ditu hitz batzuk: “Proba egitea bakarrik ez zen nahikoa, hedatu egin behar zen”. Gaur arratsaldean, ederki demostratu dute beste behin ere, sukaldeko lana ondo egin dutela.
Top 10-eko lasterkariak
Zegamako eskolako pabiloila goraino bete da lasterketako top10a ezagutzeko. Emakumezkoen artean Maite Maiora mendaroarra, Megan Kimmel, Yngvild Kaspersen, Meg Makenzie, Victoria Wilkinson, Oihana Kortazar, Amandine Ferrato daude. Gizonezkoen artean berriz Kilian Jornet, iazko irabazlea den Remi Bonnet, Stian Angermund, Aritz Egea, Oriol Cardona eta Oier Ariznabarreta daude.
Zegama Aizkorri ono ezagutzen du Kortazarrek. Duela bi urte ez dela Zegamara etortzen eta ezarrita dagoen marka ontzea nahiko lukeela esan du.Wilkinsonek esan du “lehenengo aldia” duela Zegaman eta sekula ez duela horrelakorik bizi. Maite Maiorak tenperatura beroak izango direla eta podiuma nortzuk osatzen duten ikusi beharko dela adierazi du. Karperesenek “aurten faborito asko” daudela nabarmendu du eta eguna nola doan ikusi beharko dela. Ariznabarretak “buruarekin eta gorputzak nola erantzuten duen ikusiz” jokatuko duela. Cardona ostiralean Kilometro bertikalean parte hartu eta gero “hankak nekatu xamar baina maratoia egiteko gogoz” dagoela esan du. Egeak top 10ean egoteari dagokionez, aurkezpenan jasotako txalo zaparradarekin irabazle sentitzen dela adierazi du. Angermundek berriz, “errekorra apurtzeko” dagoela gogoratu du. Eta Jornet bi urte Zegamara etorri gabe egon eta gero “bueltatzeko gogo handia” zuela esan du. “Zegama berezia” dela eta “konpetiziotik harago dagoen giroa” gehitu du.
Podiuma nola osatuko den galderaren aurrean, “beroak baldintzatuko” duela esan zuen Jornet. Beste korrikalari guztiak ere bat etorri ziren berarekin.