Haurren danborradak alaitu du Beasaingo jaietako larunbat goiza
Ezkiaga plazatik abiatu dira herriko danborrero txikiak. Arratsaldean, helduen danborrada egingo dute.
Loinaz jaiekin batera badirudi uda iritsi dela. Zerua oskarbi argitu du egunak Beasaingo festen bigarren egunean. 12:00etan puntuan danborren hotsak hartu dituzte kaleak. Ezkiaga plazan hasi dira herriko txikienak danborrak berotzen eta handik kalejiran, herria zeharkatu dute. Danborreroen atzetik, erraldoiak eta karroza joan dira. Loinazko San Martin plazan egin dute amaierako saioa.
Txikiak bakarrik ez, arratsaldean, helduen danborrada ere aterako da. Toki beretik abiatuko dira, Ezkiaga plazatik, 19:00etan. Haiek ere, Loinazko San Martin plazaraino egingo dute ibilbidea eta han azken joaldia egingo dute Koskolo txarangarekin, Goizeresi taldeko txistulariekin eta Musika Eskolako bandarekin.
Baina horrez gain gehiagorako ere emango du egunak. 17:00etan haur eta gaztetxoen jolaserako eremua jarriko dute Barandiaran plazan. 19:00etan, sagardo dastaketa egingo dute eta 22:30etik aurrera Bake Faltsua, Hell Riders eta Ziribulo Sound talden kontzertua Txosna Gunean. Bideluze plazan ere izango dira kontzertuak 23:00etatik aurrera. Marlik eta Nogen taldeek joko dute.
Jarraian, haurren danborradako hainbat irudi.