Ordezkari politikoak ere festara
Soka dantza egin dute beste urte batez Beasaingo ordezkari politikoek. Loinatz jaien egitarauaren barruan antolatu dute erakustaldia. 12:30ean hasi da ekitaldia, eta orduerdi inguru aritu dira dantzan.
Beasaingo Udaleko ordezkari politikoek soka dantza egin dute 12:30ean, Loinatz jaietako egitarauaren barruan. Txistularien laguntza izan dute, eta eguraldi ona dela eta, hainbat pertsona bildu dira plazan. Udaletxe parean egin dute erakustaldia, eta giro ona sortu da ikusleen, txistularien eta dantzarien artean.
Haurrek ere soka dantza egingo dute kuadrilla egunaren biharamunean. Aurten gainera, neskek mutilen protagonismo bera izango dute: 20 neska eta 20 mutil ariko dira dantzan. Hori horrela, irudi historikoa ikusiko dute beasaindarrek.