Beasaingo kuadrillen eguna, giro ederrean
Eguraldi ona lagun, hasiera beroa eman diote beasaindarrek Loinatz jaiei. Asteburuko ekitaldien ondoren, kuadrillen eguna ari dira ospatzen, txapelketa herrikoiekin.
Beasaingo Loinatz jaien lehen asteburua pasata, kuadrillen eguna ospatzen ari dira gaur. Lagun taldeak blusa koloretsuak jantzita atera dira kalera, eta giro ederrean ari dira ospatzen. Eguerdi partean jaitsiera egin dute, txarangak lagunduta, eta poteoaren ondoren, bazkaltzen elkartuko dira kuadrilla gehienak.
Goizean, San Martin basilikara prozesioa eta erromeria egin dituzte. Eguraldi onak lagunduta, dozenaka lagun bildu dira bertan, erromeria giroan. Dantzariak, trikitilariak eta jatekoa nahiz edatekoa izan dituzte.
Eguerdian, areto futbol txapelketaren eta pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatu dituzte. La Salleko patioa goraino bete da beste behin, futbito txapelketako finala ikusteko. Zintzharri taldeak irabazi du kopa, partida berdindu eta estu baten ondoren, Antzizar Taberna penaltietan mendean hartu eta gero.
Gernika pasealekuko frontoian berriz, eskuz binakako txapelketa herrikoaren finala jokatu dute. Hirugarren eta laugarren postuak jokatu dituzte lehenengo. Laugarren postuan Kuman eta Salinas eta hirugarren Xabier Urteaga eta Unaiko. Jarraian, final nagusia jokatu dute. Urdinez, Beñat Verdugo eta Iñaki Urdangarin. Gorriz Andoni Zubeldia eta Mikel Urdangarin. Emaitza 22-13 izan da gorrien alde.