Haurren soka dantza mistoa egin dute aurrenekoz Loinatz Jaietan
Baserritar eguna ospatu dute gaur Beasainen, barazki lehiaketekin eta ganadu eta hegazti erakusketarekin. Umeen soka dantzan 20 neska eta 20 mutil aritu dira.
Berdintasunaren aldarriarekin hasi zituen Realeko Ane Etxezarretak aurtengo Beasaingo Loinatz Jaiak, eta gaur berdintasuneranzko bidean, beste urrats bat gehiago egin dute Loinatz Jaietan: lehenengo aldiz, haurren soka dantza mistoa izan da, eta 20 neska eta 20 mutil izan dira aurreskua dantzatu dutenak. Garazi Mujika Lasa izan da dantzatu duen lehenengo neska eta jendearen txalo zaparrada eta oihuak jaso ditu. Kioskoan Aurten bai, soka dantza mistoa; bertan “Zorionak!” zioen pankarta egon da jarrita.
Baserritarren eguna
Dantzariekin batera, baserritarrak izan dira gaurko eguneko protagonistak. Barazkiak, loreak, hegaztiak eta ganadua erakusgai jarri dituzte. Jatorrizko barazkietan eta hornidura atalean, Josetxo Mendia (Altzibar-Zegama), Patxi Arizmendi (Iturrioz-Arama) eta Franziska Goitia (Basarte Goikoa-Beasain) izan dira lehenengo hiru irabazleak. Loreetan, berriz, Iñaki Azanza (Zaldibia), Aritz Urretabizkaia (Agerre-Arama) eta Frantziska Goitia (Basarte Goikoa-Beasain). Beasainmendiko Frantziska Goitiarentzat azoka berezia izan da gaurkoa, datorren ostiralean, azkeneko aldiz jarriko baitu postua Loinazko San Martin plaza azpian.