'Arritta'-ren omenezko herri kirol jaialdiarekin amaituko dira Loinatzak
Gaur Urrezko Barea izendapena jasoko du Mikel Aiestaran kazetariak. Bihar mozorro eguna da. Azkeneko egunean, dantza topaketa eta herri kirol jaialdia egingo dituzte
Beste hiru eguneko festa giroa izango da Beasainen asteburuan. Tartean dago askorentzat, festetako egun politenetako bat den larunbateko mozorro eguna. Eguraldi iragarpenaren arabera gainera, gaur eta bihar, eguzkia izango dute festazaleek lagun. Gustu guztietarako ekintzak daude.
URREZKO BAREA
Gaur, Beti Bizi elkarteak Urrezko Barea izendapena emango dio Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrari.
TXIRRINDU LASTERKETA
Bihar, 09:00etan, 23 urtez azpikoen Lehendakari Txapelketako 69. Loinatz Txirrindu proba jokatuko da Nafarroa Etorbidetik hasita. 100 txirrindulari inguru elkartuko dira, tartean izango dira Goierriko Caja Rural taldekoak ere. 124,9 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Altzo (3. maila), Olaberria (3. m.) bi aldiz eta Mandubia (2. m.) igota. Olaberria bigarren aldiz, helmugatik bost kilometrora.
NESKEN FUTBOL LEHIAKETA
Goierri Gorri taldeak Berdintasunaren aldeko infantil nesken I. Futbol Txapelketa antolatu du. Bihar, 10:00etan hasita, Lazkaoko Harizti Haundi, Ordiziako Altamira eta Beasaingo Loinatz futbol zelaietan parte hartuko dute 18 nesken taldek. Larunbateko hiru kanporaketetatik bina talde sailkatuko dira Loinatz futbol zelaian igandean jokatuko den finalerako.
DANTZA TOPAKETA
Ostadar dantza taldeak antolatutako dantza topaketan Bilboko Gaztedi, Agoizko Angilurreka eta Gasteizko Adurtza taldeek hartuko dute parte. Kalez kale ibiliko dira eta amaieran, Iñaki Muxika Arritta-ren omenaldian parte hartuko dute.
‘ARRITTA’-REN OMENALDIA
Duela urte bete hil zen Iñaki Muxika Arritta gogoan izango dute jaietako azkeneko egunean. Berak antolatu ohi zuen herri kirol jaialdia. 10:00etan Iturengo Aurtizko joaldunak ibiliko dira herrian zehar. 18:30ean, Erauskin plazatik, dantzarien eta joaldunen jarduna izango da pilotaleku txikiraino.
19:00etan hasiko da herri kirol jaialdia, Iñaki Muxika Arritta zenaren omenezko Gipuzkoako 1. mailako aizkolarien binakako lehiaketarekin. Binakako txapelketa izango da: Ugaitz Mugertza eta Xabier Zaldua, In?aki Azurmendi eta Julen Alberdi, eta Mikel Larran?aga eta Joseba Otaegi aizkolariak ariko dira (seina kanaerdiko eta seina 60 ontzako, txanda librean).
Harri jasotzen, Joseba Ostolaza, Udane Ostolaza eta Jon Unanue Goenatxo III.a ariko dira. Azkenik, aizkolari beteranoak eta gazteak elkarren aurka ariko dira: Anjel Arrospide, Donato Larretxea Arkaitz Jauregi eta Xabier Dorronsoro.