Iker Irribarria: "Buruz burukoak badauka zerbait berezia, urte guztian gorriz... txapelketa politena da"
Txapela irabazi eta biharamunean prentsaurrekoa egin du Araman Iker Irribarriak. Kazetarien galderei erantzun die, hamar minutuan. Bihar estreinatuko du elastiko gorria, partida baitu Bergaran Zabaleta lagun duela.
Biharamun gozoa du Iker Irribarria buruz buruzko txapeldun berriak. 2016an bezalaxe, Mikel Urrutikoetxearen aurka irabazi du txapelarik preziatuena, partida gogoangarri batean (20-22). Gaur arratsaldean Araman bildu ditu kazetariak, txapeldun izateak dakartzan konpromisoak kolpe bakarrean gainditzeko. Hona hemen prentsaurrekoko pasarte batzuk:
Bi txapelen arteko aldea: “Ezberdinak dira. Lehena azkar bezala etorri zen, eta bigarrena kosta egin da. Lehenengoan ezjakintasun horretan zaude, baina ikusita bigarren zenbat kostatzen den, beste zapore bat dauka”.
Ospakizuna: “Ospatu berdin ospatzen da. Betiko tokian, ingurukoekin… Espero du urte askoan horrela ospatzea”
Partidaren gakoak (12-7 eta 15-10): “Behin ere ez da etsi behar. Urrutikoetxeak ere erakutsi du ez dela etsitzen duen mutila, eta etsiz gero segituan galtzen da partida”
Saketik falta (19-21): “Akats larria da, egin behar ez dena. Gauza asko dauzkagu ikasteko oraindik”
Berriro ere gorriz: “Gustura, aspaldi gorriz jokatu gabe nago eta ea urte polita egiten dugun. Zerbait berezia da pilotari batentzat urte osoa gorriz jokatzea eta aprobetxatuko dugu”
Oporrik ez: “Seinale ona da. Nahiago nuen finala jokatu eta oporrik gabe geratu, oporretara joatea baino. Hala tokatu da aurten, lan pixka bat egin beharko dugu, eta pentsatzen dut egongo direla hiru lau egun aprobetxatzeko moduan”
Eskuin eskuko kolpea: “Kolpea hor dago, eta notatzen dut, baina ez dut uste… Atzo bigarren partea kolpe horrekin jokatu nuen, eta ea pixkanaka errekuperatzen dudan. Ez da toki txarra, behatz potoloa da. Espero dugu min handirik ez ematea”.
Buruz burukoa: “Buruz burukoak badauka zerbait berezia, urte guztian gorriz, konpromiso asko. Niretzako txapelketa politena da”.