Segurako Baratze pilotalekuko eraikin berria inauguratu dute
Pilotalekuari aprobetxamendu handiagoa eman eta herrian sakabanatutako hainbat ekintza bateratzeko helburuarekin, eraikin berria gehitu diote Baratze pilotalekuari.
Baratze pilotalekuaren bigarren inaugurazio ekitaldia egin dute Seguran, nahiz eta zinta mozketarik ez den izan; 1982an izan zen lehenengoa. Pilotalekuari aprobetxamendu handiagoa eman eta herrian sakabanatutako hainbat ekintza bateratzeko helburuarekin, gehitu diote eraikin berria Baratze pilotalekuari. Dantza, yoga, pilates, gimnasiaren… gune bilakatuko da aurrerantzean.
Horretarako, Baratze Pilotalekuaren sarrera nagusia itxi eta bi solairu gehitu dizkiote: aldagelak eta komunak berritzearekin batera, erabilera anitzeko bi areto sortu dituzte. Ekhi Albizu zinegotziaren esanetan, erabiltzaileek erabakiko dute lehenengo solairuko aretoa nola erabili. Bigarren solairuko aretoan, berriz, “etorkizun hurbilean” gimnasioa egokitzeko asmoa dutela aurreratu du.
Irisgarritasuna ere kontuan hartu dute eraikin berrian igogailua jarriz, eta aldagelak eta komunak elbarrientzako egokituz.
Aldundiaren diru laguntza
Inaugurazio ekitaldian, hainbat herritarrekin batera, Eñaut Telleria jarduneko alkatea, Ekhi Albizu zinegotzia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Iñaki Iturrioz kiroletako zerbitzuburua izan dira. Telleriak eta Albizuk eskerrak eman dizkie aldundiko ordezkariari, Baratze pilotalekuko lanak diruz laguntzeagatik. Albizuren esanetan, “aldundiak 224.000 euro eman dizkigu, irisgarritasunetik beste 33.000 euro lortu ditugu. Gainerakoa, 550.000 artekoa herriak jarriko du”.
Azken agintaldian Gipuzkoako kirol instalakuntzak eraberritzeko eta birgaitzeko erronka izan dutela gogoratu du aldundiko Iturriozek. Era berean, osasun arloko onuraz gain, kirola gizarte harremanak sustatzeko tresna oso baliagarria dela nabarmendu du. Beraz, “espero dugu Segurako herrigintzan paper garrantzitsua betetzea”.
Bisita gidatua herritarrekin
Inauguraziora gerturatutako herritarrek aukera izan dute instalakuntza berriak ezagutzeko. Albizuk nabarmendu dienez, pilotalekura joateko atea irekita egongo da eta instalakuntza berrietara joateko, erabiltzailek txartel bidez irekiko dituzte ateak.