Erreka metro bat, kilo bat zabor
Ataunen eta Ormaiztegin errekak garbitu dituzte asteburuan, auzolanean. Agauntzan 500 metro luze 'orraztu' dute, eta 500 kilo hondakin atera. Eztandan, bi edukiontzikada
Euskaldunaren iruditeria zaharrean ez du ospe onik eduki errekak. Erreka zuloaren beltza, erreka jo lokuzioa (hondatu), errekak eraman adiera, euria egin orduko erreka bihurtu… Baina bizi iturri garrantzitsu da, eta plastikoaren aurkako guduan ikusi denez, ondo zaintzea ezinbestekoa, itsasoak gehiago honda ez daitezen. Ataunen eta Ormaiztegin asteburuko garbiketetan ikusi denez, iruditerian ez ezik, ohituretan ere badago zer aldatua.
Otsotarrak elkarteak deituta, Agauntza errekaren 500 bat metro garbitu zituzten, zapatuan, 40 bat haurrek eta helduk, Ataunen: San Martin auzoan, tailerreko zubitik hasi eta Otamots zubira. 500 kilo hondakin atera dituzte ibilgutik: txatarra, garbiketarako zapitxoak, plastikoak, kamioi gurpil bat, hodiak eta kableak… Erreka metro bakoitzeko, kilo bat zabor.
«Lehenengo eta behin, azalpenak entzun ditugu Agauntza errekak gure natura-ingurunean duen garrantziaz, baita erreka garbiketa egokia egiteko jarraibideez ere. Eguerdirako, plazan zabor guztia pilatu dugu, eta errekatik atera dugun zabor motez eta horiek ingurunean duten inpaktuaz hizketan aritu gara», azaldu du Otsotarrak elkarteak. Lanaren ordain, mokadua eginez bukatu dute auzolana. Hurrengo urteetarako ere, garbiketari eusteko asmoa agertu dute.
Ormaiztegin ere lanean
Larunbat berean, Ormaiztegin beste bi edukiontzi bete zituzten, Anduaga eta Eztanda erreketetatik ateratako zaborrarekin. Han ere «denetik» aurkitu dute. Hamabost-bat lagun jardun dira erreka garbitzen.
Gaur, Beasainen ariko dira festetako opariak naturari kentzen.