Laura Compainsek egin du Santa Isabel jaietako egitarauaren azala
Zumarragarra da, 38 urte ditu eta Psikologia ikasi zuen. Argazkigintza eta marrazkigintza gustuko ditu. Elementu nagusiak dantzarien txapela eta gerrikoa dira
Laura Compains zumarragarrak irabazi du Santa Isabel jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa. Bere karteleko elementu nagusiak ezpata dantzarien txapela eta gerrikoa dira. Hiru kolore erabili ditu: zuria, gorria eta beltza.
Sari banaketa ostiralean egin zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Compainsek 300 euro jaso zituen. Mikel Serrano alkateak egilearen lana goraipatu zuen eta pozik azaldu zen, Zumarragako jaien arima eta esentzia transmititzen dituelako. Aldi berean, herriko gazteak lehiaketa honetan parte hartzera gonbidatu zituen.
Compains ere pozik zegoen, noski. Lehiaketa bat irabaztea beti da pozgarria, baina gehiago norberaren herrian irabazten denean. Gainera, Santa Isabel eguna maite duela esan zuen. «Zumarragarra izanik, nire lan bat jaietako egitarauaren azalean ikustea ohorea da. Ez nuen irabaztea espero, aurreko urteetako irabazleek sekulako maila baitute eta diseinatzaile profesionalak baitira. Nik zaletasun hutsez egiten dut. Ez ditut sekula ahaztuko 2019ko Santa Isabel jaiak».
Aurtengo azalaren egileak 38 urte ditu eta Psikologia ikasketak egin zituen. Argazkigintza eta marrazkigintza betidanik ditu gustuko, baina hau da bere lehen lehiaketa. «Iaz lagun batek lehiaketa honetara aurkeztea proposatu zidan, baina dagoeneko berandu zen. Aurten oinarrien argitalpenaren zain egon naiz eta parte hartzea erabaki dut».
Oso argi zuen kartelak Santa Isabel egunarekin lotura izan behar zuela. «Zumarragako jaietako egun garrantzitsuena Santa Isabel eguna da eta protagonista nagusiak dantzariak dira. Hori dela eta, kartelean dantzarien txapela eta gerrikoa jarri ditut. Gainera, gorriak indar handia transmititzen du eta niri asko gustatzen zaidan kolore bat da».
Letrak bi koloretakoak dira: beltzak eta gorriak. Zumarraga hitzeko Z eta U letrak gorriak dira eta gainontzekoak beltzak. Z eta U horrekin festak denok egiten ditugula gogoratu nahi du.
Lanen erakusketa
Aurtengo lehiaketara bederatzi lan aurkeztu dira. Zelai Arizti kultur etxeko sarreran ikusgai jarri dituzte. Hilaren 28ra arte egongo dira bertan. Kultur etxea astelehenetik larunbatera irekitzen dute: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:30era, eta larunbatetan 09:30etik 13:30era.
Ekaina erdialdean gaude jada eta jai usaina dago Zumarragan. Udaletxean buru-belarri ari dira lanean eta Santa Isabel egunarekin lotutako hiru ohar igorri dituzte. Udalak baselizaren atzealdean jartzen dituen mahaietan bazkaldu nahi duten kuadrillek, kultur etxean eman behar dute izena. Mahaien zozketa hilaren 18an izango da, 13:00etan.
Bestalde, udalak Santa Isabel egunerako antolatzen duen bazkarirako txartelak salgai daude. Hilaren 19ra arte erosi ahalko dira, 40 euroan. Bukatzeko, Santa Isabel egunean Antiora autoan igo nahi dutenek baimena eskatu behar dute udaletxean. Baimena eskatzeko epea ostiralean itxiko dute, 14:00etan.