Olaberriak irabazi du Herriarteko palako txapela, seigarren aldiz
Herriarteko pilota txapelketan seigarrenez gailendu da Olaberria, asteburuan Deba mendean hartuta; palan titulu gehien dituen bigarren herria da.
Olaberriak Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketaren historian urrez idazten jarraitzen du. Seigarren txapela atera zuen ostiralean Donostian, eta palan titulu gehien dituen bigarren herria da berriz, Donostiaren atzetik (7) eta Andoainekin berdinduta.
Deba 2-0 menderatu du, Altza auzoko pilotalekuan jokatutako finalean. Lehen neurketa, paleta larruz, aise atera zuten Olaberriko Xabier Berasategik eta Jose Manuel Garridok (35-15); akats gutxi, erasokor jokoan eta ziur.
Halako aldearekin, pala motzean nahikoa zuten 21 tanto egitea Garikoitz Arrietak eta Imanol Olaranek. Baina, txapeldunen gisan, aurretik ibili ziren hasieratik. Ez zen partida bukatu, ordea. 34-32 Olaberria aurretik zela (40ra zen), Debako Mikel Lopezi kokotsean pilotakada batek jo, eta zauria ireki zion. Lau puntu behar izan ditu.
Euskal Herrikora giltza
Olaberritar multzo bat autobusean joan zen Altzara, palariak animatzera. Olaberrira itzulita, txalapartariek harrera egin, eta Arrieta jatetxean afalduz ospatu zuten denek lorpena.
Uztailean, Euskal Herriko Herriartekoa jokatuko dute, lehen aldiz. Herrialdeetako tapeldunen artean da; Olaberria tartean.