Agosti Xahoren idatziak jasotzen dituen liburua argitaratu du Zumalakarregi Museoak
Agosti Xaho idazle zuberotarrak I. Karlistaldian idatzitako bi lan jasotzen dituen liburua argitaratu du museoak, Nevadako Unibertsitatearekin elkarlanean.
Agosti Xaho idazle zuberotarrak (Atharratze, 1811 – Baiona, 1858) Lehen Karlistaldian egindako hainbat idatzi oinarri hartuta, Escritos sobre la Primera Guerra Carlista: Palabras de un vasco. Viaje a Navarra liburua argitaratu du Zumalakarregi Museoak, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroarekin elkarlanean. Gaur aurkeztu dute argitalpen berria Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Bertan izan dira Xabier Irujo Nevadako unibertsitateko irakasle eta euskal ikasketen arduraduna, Patri Urkizu idazlea, eta Mikel Alberdi Museoko dokumentazio zentroko arduraduna.
Liburua bi hizkuntzatan argitaratu dute, jatorriko frantsesez, eta gaztelez, Justo Garatek eta Rafael Galarzak itzulita. Edizioa osatzeko, Patri Urkizuk “sarrera aberats bat” egin du. Liburuak Xahoren bi idazlan jasotzen ditu. Batetik, Parisen 1834an argitaratutako Paroles d’un Biskaïen artikulua dago; bertan, Karlistaldiaren sakoneko arrazoiak ulertzeko, “euskaldunen askatasunaren aldeko borroka” ulertu beharra aldarrikatzen du. Bestetik, 1836an argitaratutako Voyage en Navarre pendant l’insurrection des Basques (1830-1835) eleberri erromantikoan, Karlistaldi betean Nafarroara egindako bidaia kontatzen du, “Tomas Zumalakarregiren irudi erromantikoa” eskainiz.
Kafe tertulia Ormaiztegin
Donostian ez ezik, Ormaiztegin ere aurkeztuko dute liburua, ostiralean. Kafe tertulia moduan egingo dute, 19:00etan. Bertan izango dira Irujo, Urkizu eta Alberdi bera ere. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez eman behar da izena, 943 88 99 00 telefono zenbakira deituta edo mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera idatzita.