Haurrentzako Triatloi Txikia egingo dute Ordizian, ekainaren 29an
'Triatloia maite dut' ekimenarekin bat egin du Ordiziako Triatloi taldeak eta horren barruan antolatu du haurren proba. Helburua, triatloia sustatzea eta kirolean euskara erabiltzea da
Ordiziako Triatloi Taldeak bat egin du Triatloia maite dut ekimenarekin. Hori horrela, datorren ekainaren 29an haurrentzako Triatloi Txikia antolatu dute. Izen emate epea zabalik dago.
Larunbatarekin batera egingo dute Ordizian Triatloi Txikia eta egun horretarako goiza kirolaz gozatzen eta jai giro bikainean igarotzeko aukera aparta izango da. Kiroldegia izango da elkargunea eta 2006-2010 urteetan jaiotako neska-mutilek parte hartuko dute.
Adin bakoitzera egokitutako distantziak osatu beharko dituzte gaztetxoek. Lehendabizi igerian, ondoren bizikleta gainean eta amaitzeko, korrika. Benjaminek 25 metro igerian, 700 metro txirrinduan eta 200 metro korrika egin beharko dituzte. Alebinek, 50 metro igerian, 700 metro txirrinduan eta 650 metro korrika. Infantilek, berriz, 100 metro igerian, 700 metro txirrinduan eta 1.300 metro korrika egingo dituzte.
Ekimenak gazteen artean triatloia sustatzea du helburu eta aisialdian euskaraz kirola egiteko aukera eskaintzea. Gainera, triatloiaren bidez laguntasuna, izaera aktiboa eta positiboa, ohitura osasungarriak eta beste hainbat balio trasmititzea ere bilatzen dute.
Izen-ematea zabalik
Parte hartu dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Ekainaren 19ra arte ikstetxeetan eta ekainaren 19tik 28ra www.triatloi.org webgunean.