Ikatzak haurrei zuzendutako argazki ikastaroa berreskuratu du
Izena emateko epea ekainaren 17an irekiko dute 28ra arte. Ikastaroa uztailaren 1etik 5era egingo dute. Haurren eta gazteen adin tartea 10 urtetik 16rakoa da
Ikatza Legazpiko argazkilari elkarteak antolatzen dituen argazki rallyetan, Artzain Eguneko Batis Goikoetxearen omenezkoa esaterako, beti egin ohi die tartea haurrei zein gaztetxoei sarietan. Orain hiruzpalau urte haiei zuzendutako argazki ikastaroa egin zuten, eta aurtengoan berreskuratu egingo dute. Hain zuzen, uztailaren 1etik 5era egingo dute elkartearen egoitzan.
Asier Imaz elkarteko bazkideak eta argazkilariak emango du Mikel Bravo kidearekin batera. «Ikastaroa berreskuratu nahi dugu argazkilari harrobia sortzeko eta haiengan interesa pizteko», azaldu du Imazek.
Ikastaroa «oso sinplea» izango dela gehitu du, «kamerak nola funtzionatzen duen argituko diegu lehenengo egunean». Kamera automatikoan baino, manualean erabiltzen ikasiko dute eta praktika batzuk ere egiteko asmoa agertu du Imazek. «Teknika erraz batzuk landu nahi ditugu. Adibidez, zerbait mugimenduan harrapatu, subjektua garbi atera dadila eta bestea ongi definitu gabe agertu dadila. Hots, barridoa delakoa».
Betiere, parte hartzaile bakoitzak eramango duen kameraren arabera moldatuko dira. Alabaina, Imazek esan du kamera konpaktuak eramanez gero, ikasteko aukera gutxiago izango dutela eta reflexak esku artean izanez gero, gehiago. Horrenbestez, «ahal dela, parte hartu nahi dutenei manualean erabil daitezkeen kamerak eramatea eskatu nahi diegu».
Hamalau toki
Ikastaroa Ikatzak kultur etxea dagoen eraikinean duen egoitzan egingo dute. Uztaileko lehenengo astean izango da, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:00etara; guztira, hamar orduko tailerra izango da. Oinarrizko teoria irakaspenak eman eta gero, kalera aterako direla adierazi du Imazek, «ez gara oso urrun joango, baina egoitzatik irten eta Latxartegi inguruan ibiliko gara argazkiak egiten».
Toki muga dago ikastaroan. Hain justu, hamalau lagunentzako tokia dago. Izena emateko kultur etxeko harrerara jo behar da ekainaren 17tik, hurrengo astelehena, 28ra. Matrikula 5 eurokoa da.