Jasok inoiz egin duen garabirik handiena eraikiko du Galeserako
Tata Steel konpainia indiarrak eskatuta, 135 eta 500 tonako gaitasuna duten bi garabi egiten ari da Itsasondoko enpresa.
Jaso Industrial enpresa goierritarrak inoiz eraiki duen garabirik handiena egiteko enkargua egin dio Tata Steel talde indiarrak. 500 tona altxatzeko gaitasuna izango du, eta Galeseko Port Talbot hirian duten lantegirako behar dute. Kontratua duela urtebete sinatu zuten, baina orain hasi dira Galesen aurreneko muntaketa lanak egiten. Tata Steel-ek Itsasondoko enpresak eskaintzen duen “kalitatea, malgutasuna eta lan egiteko modua” azpimarratu ditu, Jaso aukeratzeko arrazoien artean.
Guztira bi garabi egin eta muntatu behar dituzte. Aurrenekoak, dagoeneko muntatzen hasi direnak, 135 tonako pisua eta 41 metroko luzeera du, eta lantegiaren kanpoaldean kokatuko dute. Bigarrena, ordea, handiagoa da, eta zailtasun gehiago izango ditu. Izan ere, Jasok orain arte eraiki duen gaitasun handieneko garabia izango da, 500 tonako pisua jasotzeko gai dena. Garabi erraldoi hori 2020an bukatuko dute. Logistika izan da beste arazoetako bat, 1.000 tonako gaitasuna duten 40 kamioi mobilizatu behar izan baitituzte piezak garraiatzeko.
Erronka handia
Itsasondoko lantegiarentzat “erronka handia” da enkargu hau, bere neurriagatik eta baita kokapenagatik ere; gainera, bezeroak “segurtasun eta kalitate arloan eskaera zorrotzak” ezarri dizkiela azaldu dute. Hala, Tata Steel-en eskariei aurre egiteko ahalegin berezia egin behar izan du enpresak, 18 langile berri hartuta.