Londresen gidaririk gabeko trenak hornitzeko kontratua irabazi du CAF-ek
Erresuma Batuko HS2 Abiadura Handiko proiektua ere aurkeztu du dagoeneko Beasaingo enpresak.
Beasaingo CAF-ek jakinarazi duenez, CAFi esleitu diote Transport for London (TfL) enpresak kudeatutako Docklands Light Railway (DLR) linearako 43 treneko flota diseinatzeko, fabrikatzeko eta hornitzeko kontratua. Kontratuak euskarri teknikoko eta flotarako ordezkoak hornitzeko zerbitzuak biltzen dituen akordioa jasotzen du.
Unitate “moderno” horiek bost kotxekoak izango dira eta CAFen “metro-ibilgailuen diseinu arrakastatsuan” oinarrituta egongo dira. Beasaingo enpresak aurreratu denez, “aurrez ikusitakoaren arabera, 2023. urtean hasiko dute bidaiariekin egindako zerbitzua. 33 trenek gaur egun DLRk dituen unitate zaharrenak ordezkatuko dituzte (ia hogeita hamar urte dituzte) eta beste 10 unitateri esker, linea osoaren edukiera eta maiztasuna areagotuko dituzte”.
Tren berriek gaur egun DLR linean zerbitzua ematen duten hiru kotxeko trenen antzeko luzera izango dute, baina bidaiarientzako beste hobekuntza batzuk izango dituzte: “Bidaiari buruzko informazio bisuala eta audio bidezkoa denbora errealean emateko teknologiarik aurreratuena, aire girotua, gailu mugikorrak kargatzeko puntuak, erabilera anitzeko guneak (haurtxoen aulkietarako, bizikletetarako eta ekipajea eramateko) eta gurpildun aulkientzat erreserbatutako guneak biltzen dituzte hobekuntza horiek”.
Erresuma Batuko CAFeko zuzendaria, Richar Garner, “pozik” dago “Erresuma Batuan gehien erabiltzen den tren arinerako unitateak hornitzeko Transport for London-en kontratu garrantzitsu hau lortu dugulako”. Bestalde, Jon Fox-ek, TFL-ren zerbitzuetako zuzendariaren esanetan, “DLRren tren zaharrenak ordezkatuta eta flota berri eta modernoa gehituta, Docklands-eko eremuaren oraingo eta etorkizuneko hazkundea bultzatzen jarraituko dute trenek. Unitateak funtzionatzen daudenean, denbora errealean bidaiariak jasoko duen informazioari, aire girotuari eta gailu mugikorrak kargatzeko puntuei esker, tren berri horiek zerbitzu erosoagoa eta konfiantzazkoa eskainiko diete bezeroei, ia 30 urte dituen eta operazioan bere bizitza- zikloaren amaierara iristear den material gurpilduna ordezkatuz”.
DLR modernizatzea da Londreseko alkateak abian jarri duen garraio arloko estrategiaren “zati garrantzitsu” bat. “Horren bidez, hiria ekologikoago eta bizitzeko, lan egiteko eta bisitatzeko irisgarriago bihurtu nahi du, enplegua eta biztanleriaren igoera bultzatzen dituzten bitartean”. Era horretan, “garraio publikoaren arloko inbertsio horri esker, autoekiko mendekotasuna gutxitu ahal izango da eta 2041. urterako joan-etorrien % 80 garraio publikoan, bizikletaz edo oinez egitea oinarri duen alkatearen helburua lortzen lagunduko da”.
Erresuma Batuko HS2 Abiadura Handiko proiektua
Bestalde, CAFek Erresuma Batuko HS2 proiekturako eskaintza aurkeztu du. “Bertan, abiadura handiko Oaris plataforma proposatu du kontratu horren eskakizun zorrotzak bete ahal izateko. Kontratuak proiektuaren lehen faserako gutxienez 54 trenen diseinua, fabrikazioa eta mantentzea jasotzen du eta horren bolumena 3.000 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Aipatu beharrekoa da HS2 Ltd enpresak kontratuaren esleipenarekin lotutako erabakia datorren urtean hartzeko asmoa duela”.
CAFen esanetan, aurkeztu duen trenak “abiadura handiko segmentuan irtenbide berritzaileenak eta teknologia aurreratuena izango ditu, eta nazioarteko estandar gorenak beteko ditu honako hauei dagokienez: fidagarritasuna eta segurtasuna, bidaiariarentzako erosotasuna, zarata gutxitzea eta ingurumeneko jasangarritasuna”. HS2 proiektua da tren arloan gaur egun garatzen ari diren guztien artean esanguratsuenetako bat eta Erresuma Batuko ekonomiaren etorkizunean eragin handia izango du. HS2ren zerbitzuek, Londres, Birmingham, Manchester eta Leeds hiriburuetan ez ezik, sare nagusitik kanpoko beste toki batzuetan ere funtzionatuko dute: York, Newcastle eta Liverpool hirietan eta herrialdeko ipar-mendebaldean, Glasgown eta Edinburgon, adibidez.