Esgrima historiko lehiaketa egingo dute asteburuan Zumarragan
Espainiako Esgrima Historiko Federazioak eta Zumarragako Armetxeak antolatu dute Torneo del Hierro lehiaketa. Hirugarren edizioa da. Beloki pilotalekuan jokatuko da
Torneo del Hierro esgrima historiko txapelketaren hirugarren edizioa larunbatean eta igandean jokatuko da Zumarragako Beloki pilotalekuan, Espainiako Esgrima Historiko Federazioak eta Zumarragako Armetxeak antolatuta. Espainiako 50 bat esgrima tiratzailek parte hartuko dute eta sarrera doan izango da.
Txapelketa 09:00etan hasiko da, ongi etorriarekin. Ondoren, 09:30ean, beroketa egingo dute. 10:00etan ezpata luze txapelketa hasiko da. Ordu berean, Miguel Angel Juarezek arropa-ezpata ikastaroa emango du.
13:30ean geldialdia egingo dute bazkaltzera joateko eta 16:00etan arropa-ezpata txapelketa hasiko da. Ordu berean, Patricia Castañedak ezpata luze ikastaroa emango du. Larunbateko jardunaldia 20:00etan amaituko da eta 21:30ean senidetasun afaria egingo dute.
Igandeko saioa
Igandeko beroketa saioa 09:00etan izango da. 10:00etan sable txapelketa hasiko da eta saio libreak egongo dira. 12:00etan hiru txapelketetako finalak jokatuko dira eta 13:30ean dominak banatuko dituzte. Esgrima historikoak kirola eta kultura uztartzen ditu. Erdi Arotik XIX. mendera arte arma bezala erabili ziren ezpatekin egiten da.
Jarduera hau duela urte gutxi heldu zen Zumarragarra, Juarezen eskutik. Gazte hau Alacantetik etorri zen eta Zumarragako Armetxea elkartea sortu zuen. Orain arte erakustaldiak antolatu dituzte, baina aurten Torneo del Hierro delakoa ekarri dute. «Duela bi urte Zallan antolatu zen eta iaz Kantabrian. Zumarragako Udalak jarduera bereziak babesteko ohitura du eta gure proposamena begi onez ikusi zuen», aipatu du.
Asteburuan 60 lagun inguru elkartuko dira Zumarragan. Batzuk txapelketetan parte hartuko dute eta beste batzuk ikastaroetan. 200-300 lehia inguru egongo dira.
Zumarragako Armetxeak beste ekitaldi bat ere antolatu du, Santa Isabel jaietarako: hilaren 30ean erakustaldia egingo dute Antioko baselizaren kanpoaldean. Ermita eraiki zen garaiko esgrima egingo dute. Erakustaldia 11:30ean hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du.













