Amateurren Gipuzkoako txapela Ataungo lasterketan ebatziko da
Ataungo 55. San Martin Proba jokatuko dute bihar, elite eta 23 urtez azpikoen mailan. 136 kilometroko lasterketa izango da, plaza inguruan hasi eta bukatuko dena.
Ataungo 55. San Martin Probak errepideko Gipuzkoako Txapelketarako balioko du. Bihar jokatuko da 136 kilometro luzeko lasterketa, 15:30ean San Martinen hasi eta 18:55ean bukatu. Agauntza Kirol Elkarteak antolatu du.
Amateurren karrera izango da, eliteko eta 23 urtez azpiko afizionatuena. Bi maila horietan Gipuzkoako txapeldunak izendatuko ditu Ataungo probak. Euskaldun txapelketarako ere baliagarria da.
Etaparen erditik aurrera dituzte eguneko mendateak: Urkillaga Aia aldetik igota (71.ean), Larraitz Amezketatik (104.ean) eta azken unean Urkillaga berriro (131.ean).
Gabirian, haurrak
Gipuzkoako Eskolarteko txirrindularitza lasterketa Gabirian jokatuko da, lehen aldiz, bihar 16:30ean. Goierriko Txirrindularitza Bultzatuzek antolatu du. Benjamin, alebin eta infantilek parte hartuko dute, 9 eta 14 urte artekoak; 80-100 partaide dira.
Erlojupekoa izango da, Kaminogurutzetik Gabiriako kaskora igoera (2 km). Benjaminak eta infantilak goragotik abiatuko dira. Denboraldiko azkena denez, askaria egingo dute bukatutakoan, plazan. Errepidea itxita egongo da 16:00etatik 18:00etara.