Starblues: erronka berriak eta agurrak
Starblues taldeaa bigarren diskoa prestatzen ari da, eta urrian grabaketa estudiora joatea da asmoa. Baina taldekide berria dute eta lanak ongi egin nahi dituztenez, lasaitasunez hartuko dute. Izan ere, Urko Ruiz de Apodaka baxu joleak taldea utziko du.
Garai desberdinak datoz, aldaketez beteak, proiektu berriekin, ongi etorria emango diete batzuei eta agur esango besteei, agur edo gero arte, denborak esango du hori. Gu geu izatetik, oraindik mamitzen ari diren pertsonalitate berria garatuko dute. Aire eta soinu berriekin, baina betiko esentzia mantenduz. Hitz klabea, Starblues da.
Asmakizunak alde batera utzita, ia hiru urte igaro dira Starblues talde erdi ordiziar erdi tolosarrak Gu geu diskoa kaleratu zuenetik. 2016ko uztailean sartu ziren estudioan eta urrian aurkeztu zuten. Disko haren aurkezpen bira 2017ko urtarrilean hasi zuten. Orain bigarren diskoaizango dena prestatzen ari dira. Taldeko sortzaileetako bik, Jon Barrerosek eta Urko Ruiz de Apodakak argitu dutenez, «asmoa da iraila edo urrian grabatzen hastea, abenduko Durangoko Azokara iristeko».
Diskoa grabatzeko prozesu desberdina egiten ari da laukotea eta hala kontatu dute, «oraingo honetan diskoa egiteko prozesu egokia egiten ari gara». Aurrenekoa, kontzertuetan joak zituzten abestiekin osatu zuten. Oraingo honetan, berriz, alderantziz egingo dute. «Abesti berdinak jotzeaz nekatuta geunden» adierazi dute Starbluesekoek. Une honetan, sorkuntza lanean ari dira eta horregatik «entsegu dinamika ere aldatu da».
Iazko azkeneko kontzertua Ordizian eman zuten urrian Oroith abesbatzarekin, Ordizia Elkartuz jaialdiaren barruan. «Esperimentutxo bat izan zen» esan du Barrerosek. Egun hura pasata, handik aurrera zer egingo zuten galdetu zioten taldekideek elkarri. Ideia batzuk bazituzten antza, «pare bat abesti eginda» zituzten eta «berriak egitea izan zen abiapuntua». Hori bai, «presarik gabe, gauzak ondo egiten».
Urkoren agurra
Ordiziako kontzertuaz geroztik Hondarribiako Blues Jaialdian eta duela gutxi Donostian egin duten Olatu Talka jaialdian jo dute, eta horiek izan dira Ruiz de Apodakarentzat azken kontzertuak. Urte hasieran «Urkok jakinarazi zigun taldea utziko zuela eta hori, beste inflexio puntu bat izan zen», Barrerosen iritziz. Une hartan hainbat gauza planteatu zituzten. Urkori itxarotea edo aurrera jarraitzea. «Jonek, Ferminek eta nik komentatu genuen hainbeste lan egin eta gero orain gelditzea pena handia zela». Hori horrela, «aurrera egitea izan zen erabakia».
«’Gu geu’ diskoarekin alderatuta nahiko
desberdina da, baina bluesa du oinarri»
Jon Barreros (Starblues)
«Taldea uzteko erabakia hartzea zaila
izan da, baina hala behar du»
Urko Ruiz de Apodaka (Starblues)
Ruiz de Apodaka taldeko baxu jotzaileak orain arteko erritmoari ezingo dio eutsi eta horregatik taldea utziko du. Beste baxu jotzaile batekin jarri ziren kontaktuan, Mikel Atxegarekin, haien entsegu lokalean dabilen pertsona beste musikari bat da. «Blues kutxua ezagutzen du eta printzipioz animatu egin da». Momentuz, entsegu batean izan da eta berak jarraitzea da asmoa. Taldeko kitar jotzaile eta abeslari den Barrerosek esan duenez, «orain denbora pixka bat eman beharko zaio abestiak ikasi eta bere kutxua emateko».
Ruiz de Apodakak erabakia hartzea «zaila» izan dela nabarmendu du. Hasiera-hasieratik proiektu horren zati oso garrantzitsua izan da eta ez hori bakarrik, musikak arnasa ematen dio. Baina bizitzan beste gauza batzuk ere badaude eta batzutan gelditzeko unea iristen da. Momentuz agur esango die Starblueseko kideei. Berak argi du, «disko berri batean sartzea badakit zer den; lokalean ordu asko, ondoren grabaketa dator, promozioa eta kontzertuak, eta oraintxe ez nago hortarako». Batetik penaz taldeari agur esateagatik, baina bestetik «oso pozik» bere agurrak ez duelako taldearen etena suposatuko.
Momentuz, taldekide berriari abestiak pasa dizkiote, eta lehenengo entseguan «ondo joan zen guztia». Asmoa da hurrrengo hilabeteetan «Mikelekin topera jarri, eta uztailaren erdi aldera geure buruei galdetuko diegu ea nola gauden. Prest bagaude, irailean joango gara estudiora», esan du Barrerosek.
Material berria
Zazpi abesti dituzte bukatuta. Gu geu diskoarekin alderatuta, «na- hiko desberdina» dela aurreratu dute, «nahiz eta oinarrian bluesa eduki». Barreros eta Labaien dira abesti berriak sortu dituztenak. Barreros, «rockabilly doinuekin esperimentatzen hasi da,bibatroekin. Pare bat abestik bluesa bai, baina rockabilly kutxua dute batez ere». Baxu jotzaileak dionenez, «disko berriko abestiak oso desberdinak izango dira, aurreneko diskoan ez bezala».
Momentuz pixka bat itxaron beharko da bigarren diskoa esku artean edukitzeko.