Etxegabetze bat saihesteko elkarretaratzea egiten ari dira Zumarragan
Kaleratzeak STOP plataformak deituta, Santander banketxearen aurrean bildu dira eguerdian. Bost senideko familia bat etxetik kaleratu dezakete asteazken honetan.
Kaleratzeak STOP plataformak deituta, elkarretaratzea egiten ari dira Zumarragako Santander Bankuaren aurrean. Bankuak atzera egin ezean, datorren asteazkenean bost senidez osatutako familia bizi den alokairu etxetik kaleratua izango da.
Plataformako kide Jaime Cambak egoeraren berri eman du. Zumarragan orain 20 urte bizi den familia dela dio, aski errotutakoa. Gurasoek eta hiru seme-alabak osatzen dute; amak mendekotasun lehenengo gradua dauka eta %38ko desgaitasuna. 2015ean aldatu ziren, alokairuan, egun bizi diren etxera. Jabeek, “fede txarrez esango nuke” dio Cambak, 10 urteko alokairu kontratua egin zieten 2017an: “Alokairua ordaintzen zuten, baina jabeek ez zuten hipoteka ordaintzen”. Bankuak demanda judiziala sartu zuen eta etxebizitzaren jabe egin zen; ordurako jabeak Argentinara itzuliak ziren.
Egoera katramilatu zen “abokatu batek gaizki aholkatuta” eta, behin epaitegian, sententzia irmoa ezarri zuen epaileak, hau da, helegitea sartzeko tarterik gabekoa. Etxebizitzatik datorren asteazkenean atera behar dira. Zumarragako Udaleko gizarte zerbitzuetan eurekin harremanetan jartzeko aholkatu zietela dio Cambak, “gure abokatuak lanean jarri ziren, baina sententzia hori harlauza pisutsua da, eta bankuaren ordezkariekin hitz egiten hasi ginen. Kaleratzea behin-behinean bertan behera gera dadin borondate ona agertu dute, borondatea ordea ez da nahikoa”.
Elkarretaratzea egiten ari dira eta bankuak momentuz erabakia bertan behera utziko duela uste duten arren, konpromiso eske ari dira. Cambak familia hori dagoen tokian edonor egon daitekeela gogoratu du, baita “edonork eskubideak” dituela ere.