Goierriko 22 udal bihar osatuko dituzte, ezustekoen jokorik gabe
Udala eratzeko batzarra egiten goiztiarrenak Gaintzakoak izango dira, 09:00etan, eta berantiarrenak Gabiriakoak, 18:30ean. Alkateak bozketa bakarrean hautatuko dira herri guztietan. Orain artekoetatik 12 aldaketa egongo dira alkatetzetan.
Maiatzaren 26an goierritarrek botoz emandako aginduz, bihar osatuko dituzte Goierrin udalak. Hautetsiek kargua hartu, eta haien bozketan alkatea izendatuko dute. 2019-2023 agintaldia hasiko da hala, 1979an hasitako demokrazia-sistemako 11.a.
Ostertz politikoan laino txikienik gabe geratu da udalak osatzeko mandatua. Udalbatza ia guztietan gehiengo osoa dauka zerrenda bozkatuenak, eta alkatea hautatzeko eta udal gobernua osatzeko itun-maniobrarik ez dute beharko.
Ziurgabetasun nimiño bat Ordizian eta Legazpin dagoke, bi alderdi bozkatuenek gehiengo osorik ez daukate eta. Hirugarrenen sustenguek alda dezakete egoera, baina alderdien arteko akordio-asmoek ezinezko egiten dute iraulketarik. Hala, Ordizian EH Bilduk lortuko du alkatetza, ziurrenik Podemosek babestuta; Legazpin EAJk, PSE-EEk ez duelako EH Bildu babestuko.
Alkate aldaketak
Eskualdeko 23 udaletako 213 zinegotzietatik 208k hartuko dute bihar kargua. Itsasoko Kudeaketa Batzordea (5 kidekoa), Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatuko du, hura osatzen denean.
Udalburu asko aldatuko dira. Osatuko diren 22 udaletatik 12tan alkate berria izango da. Horietatik 8 udalbatzan lehen aldiz sartuko dira. Gaur egun alkate diren 10ek segituko dute.
Alderdika, ordea, ia ez da aldaketarik egongo Goierrin. Bi herritan soilik aldatuko da udalaren kolorea: Idiazabalen EH Bilduk hartuko du alkatetza, lehen aldiz. Ordizia da bestea. Gainontzeko 20 herrietan, oraingo taldeak mantenduko du agintea.
Zaldibian, historian aurreneko aldiz, emakumezkoa izango da alkate: Eztitxu Mujika. Eskualde osoan, sei besterik ez dira izango emakumeak udalburu: Altzagan, Legazpin, Legorretan, Seguran, Zaldibian eta Zerainen.
Bozketa nominala egin zuten hiru herrietan zehaztu dute alkate zein izango diren. Altzagan Maite Garmendia, Araman Luis Garmendia eta Gaintzan Gaizka Olaetxea (oraingo alkatea).
Bozketa bakarra izango da
Bihar, udal gehienak goiz-eguartean osatuko dituzte. Goiztiarren Gaintzan ibiliko dira (09:00), eta beranduen Gabirian (18:30). Udala eratzeko batzarrean, idazkarien esanetara, batzarra gidatuko duen adin mahaia osatuko dute lehenik hautetsi gazteenak eta zaharrenak. Ondoren, hautetsiek zinegotzi kredentziala sinatuko dute, eta udalbatza osatuta geratuko da.
Alkatea izendatzeko bozketa bakarra egingo da. Gehiengo osoa behar da. Egon ezean, zerrenda bozkatueneko lehena da.