Legazpiko Zinekluba bestelako elkarteekin elkarlanean arituko da
Hurrengo ikasturterako proiektu berri bat mamitzen ari dira. Ekainaren 20an bilera egingo dute elkarteekin. Zinekluba hauspotu nahi dute elkarteek proposatutako film emanaldiekin
Legazpiko Zineklub taldeak kide berriekin ekin zion amaitu berri den denboraldiari. Elkartea osatu zuten estatutu berriekin eta Legazpiko zine komertziala, haurrei zuzendutakoa zein zinekluba kudeatu dute. Honezkero badituzte aurtengo ikusle datuak eta hurrengo denboraldirako proiektuak. Proiektu nabarmenena Legazpiko kultur, gizarte nahiz kirol elkarteak zinearen martxan inplikatzea da. Josean Larrea zineklubeko kidearen hitzetan, «zinea berpiztu nahi dugu eta legazpiarrak animatu nahi ditugu. Finean, zinearekiko interesa suspertu nahi dugu».
Dagoeneko bilera bat egin dute elkarteekin. Hurrengoa ekainaren 20an egingo dute, kultur etxean, 18:30ean. Asmoa foro bat sortzea da, non parte hartu nahi duten elkarte guztiak bilduko diren. Zineklubak hilean lau emanaldi egiten baditu, horietako baten bridak elkarte batek har ditzan nahi dute eta filma aukeratu dezatela. Mendia, ekologia, dantza, hezkuntza edo dena delakoa izan daiteke filmaren hizpide.
«Zinea suspertzeko beste era bat asmatu nahi dugu, denon artean. Eta hilaren 20ko bilera irekia izan dadin nahi dugu interesa duten guztiek parte har dezaten».
Urte asko dira Larrea Legazpiko zineklubaren bueltan dabilela eta zinearen funtzio sozialaz mintzatu da: «Kultura da, bidaiatzeko aukera, historia aztertzeko era bat… Ez da denbora pasatzeko jarduera bat. Begiak irekitzen dizkizu eta burua jantzi. Halaber, ikusleak adin guztietakoak izan daitezke». Elkarteak gonbidatzeko asmoaren atzean zineklubeko ikusle kopurua hazteko grina dago. «Elkarteek zer edo zer antolatzen badute, akaso, jende gehiago animatuko da».
Amaitu berri den denboraldian 95 saio antolatu dituzte Legazpiko Latxartegi aretoan; 25 umeentzako, 41 zine komertzialekoak eta 29 zineklubekoak. Hilean 12 film eman dituzte batez beste. Ikusle kopurua 1.000 lagun ingurukoa izan da hileko. Gero eta ume gutxiago doa zinera; filma oso-oso ezaguna bada animatzen dira gehien. Eguraldiak hobera egin ahala ikusle kopuruak behera egiten du.