«Zumalakarregiren irudikapen abertzalea Xahok sortu zuen»
Agosti Xaho abertzaletasunaren aitzindaritzat du Alberdik. Liburu batean jaso dituzte ekintzaile zuberotarrak karlistaldiaz idatzitakoak, eta aitortza egingo diote gaur, Zumalakarregi museoan.
Ideologikoki “antipodetan” egon arren, “karlistekin bat egin izanagatik” da hain berezia Agosti Xaho idazle, politikari eta hizkuntzalari zuberotarraren ekarpena, Mikel Alberdi (Irun, 1962) Zumalakarregi museoko dokumentazio zentroko arduradunaren arabera. Xahok karlistaldiaz publikatutako lanak Escritos sobre la primera guerra carlista liburuan jaso ditu museoak, Nevadako Unibertsitatearekin (AEB) elkarlanean. Alberdik berak, Xabier Irujo historialariak eta Patri Urkizu idazleak solasaldia egingo dute gaur, 19:00etan, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan.
Nolatan erabaki duzue Agosti Xahoren idatziak berrargitaratzea?
Uste dugu Xahok aitortza merezi duela, eta bultzadatxoa eman nahi genion norabide horretan. Duela lauzpabost urte argitalpen lerro bat sortu genuen Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroarekin batera, Zumalakarregiri buruzko hainbat testu argitaratzeko, eta egitasmo horren barruan argitaratu dugu orain aurkeztuko dugun lana. Xahok idatzitako bi lan berreskuratu, eta elkarrekin argitaratu ditugu. Panfletarioagoa da haietako bat, Paroles d’un Biscaien aux libéraux de la reine Christine [Bizkaitar baten hitzak Kristina erreginaren liberalei]; liberalen aurkako tesiak zabaltzeko argitaratu zuen. Erromantikoagoa da bestea: Voyage en Navarre pendant l’insurrection des Basques [Nafarroako bidaia euskal matxinadaren garaian].
Hizkuntzalaria, idazlea eta politikaria izan zen Xaho, besteak beste. Xahoren zein ezaugarri nabarmenduko duzue solasaldian?
Ez gara mugatuko alor batera. Liburua aurkeztuko dugu, baina oso aukera polita izango da Xahoren inguruan zabal hitz egiteko. Horretarako aitzakia izango da liburuaren aurkezpena.
Xahok izan al zuen harremanik Zumalakarregirekin?
Xahoren beraren eta Zumalakarregiren arteko elkarrizketa bat ageri da Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques liburuaren atal batean. Elkarrizketa hori asmatua dela uste dugu gehienok, baina batzuek sinesten dute gertatu zela. Garrantzitsuena, dena den, ez da egia edo gezurra den, baizik eta batzuek sinetsi zutela Zumalakarregi euskaldunen buruzagia izan zela espainiarren aurkako gerra batean, eta ez Espainia barruko gerra zibil batean absolutisten aldeko militarra. Horregatik da aitzindaria: Zumalakarregiren irudikapen abertzalea Xahok sortu zuen.
Nafarroara egindako bidaiak zer eragin izan zuen Xahoren pentsamenduan?
Bidaiarena oso ondo datorkio kontatu nahi duena kontatzeko, baina, bere gaitasun literarioa ikusita, batek daki bidaia hori egin ote zuen ere. Harrigarria da zer deskribapen egiten dituen paisaien eta ohituren inguruan. Hala ere, zalantzarik gabe, sakon ezagutu zuen Euskal Herria eta bere aldarrien ardatzetako bat bihurtu zuen abertzaletasuna; hizkuntzaren balioa eta zazpi probintzien batasuna, besteak beste. Ez dut uste pentsamendu hori guztia bidaia batek baldintzatu zuenik.
«Xahoren ekarpenari ez zaio egin
aitortza handirik, batez ere jeltzaleei
ez zaielako gustatu sekula»«Bere aldarrien ardatzetako bat bihurtu
zuen abertzaletasuna; hizkuntzaren balioa
eta zazpi probintzien batasuna»
Xabier Zabaltza historialariak esana da aldi berean karlista eta liberala zela Xaho, eta Bidasoaren bi aldeetako tradizioen eragina zeukala.
Oso polita da Zabaltzaren testua. Xaho Frantziako errepublikano antiklerikal bat izanik, karlistengandik antipodetan zegoen politikoki. Hala ere, Iparraldetik Hegoaldeari begiratuta, pentsatu zuen: “Euskaldunen eta espainiarren arteko borroka bat da hau; beraz, ni euskaldunekin”. Kontraesan horrek egiten du hain berezi. Liburuan bertan esaten du karlistek bidali egin zutela Nafarroatik. Batek daki; sartzen ere ez zioten utziko, agian.
Gaurkotasunik mantentzen al du haren pentsamenduak?
Euskal abertzaletasunak badu gaurkotasuna, eta hala du Xahoren pentsamenduak ere. Hizkuntzalaritzan egindako lanak ez dakit baduen gaurkotasunik. Sanskritoari buruzko hainbat lan egin zituen, eta ni ez naiz gai esateko horrek zer balio duen. Sekulako astakeriak esan zituen, agian.
Zergatik egin zaio hain aitortza txikia Xahok euskal abertzaletasunari egindako ekarpenari?
Xahoren ekarpenari ez zaio egin aitortza handirik, batez ere jeltzaleei ez zaielako gustatu sekula. Sabino Aranak berak ez zuen aitortu inoiz Xahorekin inolako zor ideologikorik zuenik, eta argi dago zergatik: ideologikoki elkarrengandik oso urrun zeudelako. Errepublikanoa eta antiklerikala zen Xaho, eta, beraz, inoiz ez dute ezer egin haren inguruko iruditeria indartzeko. Eta beste inork ere apenas egin duen ezer.
Abertzaletasunaz orain arte kontatu izan denarekin apurtuko luke Xahori aitortza egiteak?
Erabat. Errazagoa eta erosoagoa da, adibidez, Aita Larramendiri aitortza egitea eta ikuspuntu kontserbadorea mantentzea. Azken batean, pertsona bitxia eta kontraesanak zituena izan zen Xaho.
Dena den, eremu batzuetatik ari zaio iristen Xahori, pixkanaka, beste alor batzuetan falta zaion aitortza hori?
Batzuk ari gara hori aldarrikatzen, baina uste dut eragin gutxi dugula. Hala ere, tartean badira egitasmo interesgarriak eta irudimentsuak. Katihotsak kolektiboko kideek, esaterako, Xahoren eta Zumalakarregiren balizko elkarrizketaren berrinterpretazio berezia egin zuten film labur batean. Eta, bestalde, Asisko Urmenetak AztiHitza Xahoren inguruko komiki biografikoa kaleratu zuen duela gutxi.