Adur Ezenarrok aginte aldaketa gauzatu du Ordiziako Udalean
Eh Bilduko Adur Ezenarrok lortu du alkatetza Ordizian, goizeko 11:00etan egin den udal batzar jendetsuan. Jose Migel Santamaria alkate ohiak zorte on opa dio aginte makila eman dionean
Ikusmin handia eragin du gaur Ordizian udal osaketak, eta udaletxeko batzar aretoa lepo bete da 11:00etan hasi den saiorako. Batetik, agintean kolore aldaketa aurreikusten zen, eta bestetik, azken legealdietan 13 zinegotzi izatetik 17 izatera igaro da udalerria. Eta aurreikuspenek ez dute hutsik egin, azken legealdian alkate izandako EAJko Jose Migel Santamariak kargua transferitu behar izan dio EH Bilduko Adur Ezenarrori.
Adineko mahaiaren osaketarekin hasi da biltzarra, zinegotzien zina etorri da gero, eta herriko dominaren banaketaren ondoren, bi alkategairen arteko bozketa egin da azkenik, bozketa sekretua. Emaitzetan ez da sorpresarik izan, eta EH Bilduko Adur Ezenarrok bederatzi boto jaso ditu, Jose Migel Santamariak zazpi eta bat zuria izan da. Txalo zaparrada jaso du bozketaren emaitzarekin batera Ezenarrok.
Beraz, Adur Ezenarro da Ordiziako alkate berria. Berarekin batera, Maitane Alvarez, Jon Ander Caballero, Ainhoa Jimenez, Jesus Mari Lariz, Itsaso Muñoz eta Lander Mujika alderdikideek, Elkarrekin Podemoseko Mila Sukiak eta Juan Ignazio Alonsok, EAJko Jose Migel Santamariak, Arantxa Arozenak, Joseba Aranburuk, Xabier Crespok, Arantxa Fernandezek, Eritz Perlinesek eta Bittor Bolinagak eta PSE-EEko Iñaki Dubreuilek osatuko dute Ordiziako udalbatza berria.
Aginte makilaren trukea egin dute Ezenarrok eta Santamariak, eta bigarrenak zorte on opatzeaz gain, Ordiziaren alde lan egiteko prest jarraitzen dutela gogorarazi dio. Ezenarrok, bere aldetik, esker hitzak izan ditu bere taldekideekiko eta familiarekiko, eta udala denona dela esanez, datozen lau urteetan ateak irekita izango dituela aipatu du. Euskal presoak gogoratzeko unea ere hartu du.
Hitzaldien ondoren, txaloak eta zorion agurrak jaso ditu Ezenarrok.