Gaintza, Altzaga, Arama eta Beasain, Goierrin osatu diren lehen udalak
Maiatzaren 26ko udal hausteskundeen ondoren, gaur, ekainak 15, da udalak osatzeko eguna Goierrin. Bat izan ezik, gainerako 21 herri goierritarrek goizean zehar dituzte tramite hori burutzeko hitzorduak. Gaintza, Altzaga, Arama eta Beasain izan dira goiztiarrenak. Itsason ez da gaur eratuko udala, datozen lau urteetan herria gidatuko duen batzordea aukeratuta badaukate ere, foru aldundiak izendatu behar duelako.
Goizean zehar dira Goierriko 22 udalen osaketarako hitzordu gehienak, eta Gaintza, Altzaga, Arama eta Beasain izan dira goiztiarrenak zeregin horretan.
Gaintzan 09:00etan zen hitzordua udaletxean, eta ohiko tramiteak beteta, Gaizka Balerdik hartu du alkatearen aginte makila, Ignacio Javier Garmendia, Auritz Aurtenetxe, Uxue Irastortza, eta Andoni de Castro lagun zituela, guztiak Gaintzako Herria taldekoak.
Altzaga izan da hurrena. 09:30ean elkartu dira hauteskundeetan aukeratutako hautagaiak eta hainbat herritar, eta ekitaldi xume eta azkar baten ondoren, Altzaga Denok Elkarrekin taldeko Maite Garmendia izendatu dute alkate, herria gobernatzeko lanetan talde bereko Harritxu Muxika eta Asensio Urretabizkaia eta Altzagako Artea Taldeko Iñigo Olano eta Mitxel Arizkorreta –lehengo alkatea– izango dituela. Alkate makilaren ordez, udaletxeko giltzak trukatu dituzte Arizkorreta alkate ohiak eta Garmendia alkate berriak.
Ordu erdi beranduago izan da bilera Aramako udaletxean. Han elkartu dira maiatzaren 26ko bozketetan aurkeztu ziren bi zerrendetatik herritarren botu gehien jaso zituzten hautegaiak. Luis Garmendiak, Imanol Arangoak, Ion Barbadillokk, Iker Irribarriak eta Unai Galparsorok karguari zin egin diote eta ondoren Luis Garmendia izendatu dute Aramako alkate berria; ez da bozketarik behar izan; aurrez adostuta ekarri dute zinegotzi berriek alkatearen izendapena. Asier Unanuek, berriz, ezin du zinegotzia izan, baina gobernu taldean lan egingo du.
Aramako ordu berean, 10:00etan, zen hitzordua Beasaingo udaletxean, eta Aitor Aldasoro hautatu dute alkate han. Ekitaldi jendetsuagoa izan da hemen, baita udalbatza bera ere, 17 zinegotzi dira eta guztira hautatutakoak: Aitor Aldasororekin batera, Leire Artola, Malu Valles, Xabi Matarranz, Elena Ruiz, Edorta Diaz, Jon Olano, Aitor Ugartemendia, Amets Arrospide, Nekane Zaldua (EAJ); Nerea Manzisidor, Hasier Agirre, Yoli Hernandez, Maddi Imaz, Mikel Olano, Eva Alvarez, Angel Redondo (EH Bildu). Nekane Zalduak izan ezik, guztiek egin diote zin karguari. Zalduaren ordez Ainara Aiestaran izango da udalbatzako kide, baina gaur ez da izan bileran. Alkate makila hartu ondoren, hitz batzuk esan ditu Aldasorok, baita bertso bota ere.