Goierriko hamar alkatek jarraitu egingo dute agintaldi honetan
Udalburu asko aldatu dira azken udal hauteskundeen ondoren Goierrin; 22tik 12, hain zuzen. Jarraituko dutenen artean, Mutiloa, Ezkio, Legorreta, Legazpi, Ormaiztegi, Zumarraga, Olaberria eta Urretxukoak daude
Azken legealdian alkate izan diren 10 goierritarrek jarraituko dute kargu horretan datozen lau urteetan. Gaur osatu diren 22 udaletatik erdiak baino gutxiago izango du, beraz, jarraipena alkatetzari dagokionez. Horietako batzuk dira Mutiloa, Ezkio, Legorreta, Legazpi, Ormaiztegi, Zumarraga, Olaberria eta Urretxukoa.
Goizeko 11:00etan izan dute hitzordua Ezkioko udaletxean udal berria osatzeko, eta Tomas Etxaniz aukeratu dute alkate. Ezkio Eraikiz taldeko gainerako kideak izango ditu lagun datozen lau urteetan: Joseba Telleria, Mikel Igartua, Maialen Etxeberria, Agurtzane Zubillaga, Luis Mari Torres eta Jon Garziandia.
Ordu berean egin dute batzarra Legorretan. Hemen ere, lehengo alkateak jarraituko du, EH Bilduko Zelai Amenabarrok. Udalbatza bere taldekide Iñigo Lasak, Olaia Exkixabelek, Mari Carmen Gaztañagak eta Garikoitz Maizek eta EAJko Aitziber Meabek, Garbiñe Garmendiak, Ainara Amenabarrok eta Izaskun Zubeldiak osatu dute.
Mutiloan ordu erdi beranduago elkartu dira udala osatzeko. Azken legealdietan alkate karguan izan den Iñaki Ugaldek jarraituko du hurrengo legealdian ere. Ugalderekin batera, Mutiloako Herri Kandidatura osatzen duten Erkuden Agirre, Asier Agirre, Jule Aranburu, Miren Arantxa Oiarbide, Aitor de Astobiza eta Iñaki Zabalo arduratuko dira herria gobernatzeaz.
Zumarragan ere ordu berean egin dute udal berria osatzeko batzarra; 13 zinegotzi dira guztira herri honetan eta PSE-EEk gehiengo absolutoa lortua zuenez maiatzaren 26ko hauteskundeetan, Mikel Serrano sozialistak jarraituko du alkate izaten datozen lau urteetan. Serrano da Goierriko alkate sozialista bakarra.
Eguerdiko 12:00etan Ormaiztegin, Urretxun, Olaberrian eta Legazpin egin dira batzarrak, beste herri batzuen artean, eta hiru horietan ere azken lau urteetan alkate izandakoek berretsi dute kargua legealdi berrirako. Hala, Ormaiztegin, Ormaiztegi Batzen taldeko Jon Enrique izango da berriz alkate; Urretxun EAJko Jon Luquik errepikatuko du karguan; Olaberrian, espero bezala, Jokin Garmendiak irabazi du bozket,a eta berak jarraitu du alkate; eta Legazpin EAJko Koldobike Olabidek. Legazpiko bozketan PSE-EEko ordezkari Oskar Valbuenak boto zuria eman du Olabide eta EH Bilduko Nekane Gonzalezen arteko bozketan.