Bihar, ikasturte amaierako aurreskua eta txapelua dantzatuko dituzte Loinazpeko patioan, udaletxe aurrean, Bideluze plazan eta Erauskin plazan.
Goiz berezia izan dute gaurkoa Beasaingo Loinazpe ikastetxean DBH 1 eta DBH 2ko ikasleek, Euskal abestirik kuttunena lehiaketan parte hartu baitute. Euskal abestiak ezagutzea, ikastea eta abestuz ondo pasatzea dira lehiaketaren helburuak. DBH 1. mailan, 1D taldeko ikasleek irabazi dute eta DBH 2. mailan, berriz, 2I taldeko ikasleek.
Ana Agirre irakaslearen esanetan, “lehiaketa egin aurretik ikasleek lanketa bat egin dute, talde bakoitzak bere abestirik kutttunena aukeratzeko. Aukeraketa egin ondoren, koreografia prestatu dute eta, amaitzeko, ikastetxeko patioan talde bakoitzak bere abestia abestu eta dantzatu du”.
Bihar dantza
Biharkoa, berriz, dantzaren goiza izango da. Ikasturte amaierako aurreskua eta txapelua dantza emanaldia egingo baitute, 10:15ean Loinazpe ikastetxeko patioan, ikasle guztiek batera.
Herri erdigunera eramango dute Loinazpeko ikasleek dantza: 11:00etan, 11:30ean eta 12:00etan, Beasaingo hiru gunetan (udaletxe aurrean, eta Bideluze eta Erauskin plazetan) aurreskua eta txapelua dantzatuko dituzte. Kasu honetan, ikasleak hiru taldeetan banatuko dira.