Beñat Iturriozen 'Joan' kantua, trikiti elkartearen maketarako aukeratua
25 urtetik beheko lehiaketara aurkeztutako hamar abestirekin osatuko dute diskoa. Xiker Larrea pandero jotzailearekin grabatu du. Ane Etxezarretaren 'Ez!' kantua ere hautatua izan da
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, hirugarren urtez, maketa lehiaketa antolatu du 25 urtetik beherako musikarientzat. Taldean, bakarka edo bikotean trikitixa edota panderoa oinarri hartuta, kantu berriak jasotzen dituzten bideoak aurkeztu behar izan dituzte. Lehiaketara aurkeztutako hamar kantu aukeratuekin, CD-a grabatzea izan da saria.
Hamar kantuko zerrenda horretan, Beñat Iturrioz eta Xiker Larrea beasaindarren Joan kantua, eta Ane Etxezerreta olaberritarraren Ez! (Sara Iriarte pandero jotzaileak lagunduta) daude.
Beñat Iturrioz beasaindarraren esanetan, «kanta bat serio egitea erabaki nuen eta hortik sortu zen Joan izeneko kantua. Tapia irakasleari erakutsi nion. Ondoren jakin nuen maketa lehiaketa zegoela. Xiker pandero jotzaileari esan eta bideoa grabatu egin genuen, etxean». Dagoeneko grabaketa lanak egin dituzte Hernaniko Oh Brother estudioan. Durangoko Azokan salgai jarriko dute diskoa.
Lehenengo aldiz hartu dute parte lehiaketan eta oso gustura daude Beasaingo trikitilariak, batez ere kontuan izan da trikiti eta pandero doinuarekin bakarrik osatu dutela kantua: «Ahotsik ere ez du. Letrarekin, pianoarekin, bateriarekin edo gitarrarekin beteagoa geratzen da kantua».