Euskara ikasten ari direnek agurtuko dute Bixi-Bixiren denboraldia
Segura Irratiko Bixi-Bixi irratsaioak gaur egingo du denboraldiko azken saioa. Maizpide barnetegian euskara ikasten ari diren hiru lagun izango dituzte gonbidatu.
Euskarari bultzada emateko asmoz sortu zen Segura Irratiko Bixi-Bixi irratsaioa, eta euskara ikasleekin agurtuko dute denboraldia, gaur eguerdian egingo duten azken saioarekin. Ez dira edozein ikasle, gainera. Lierni Elortza esatariaren arabera, «berezia» baita hiru protagonistek emandako pausoa, Haisul Cy Chang taiwandarrak, Ruben Maeztu nafarrak eta Mixel Luro lapurtarrak ezkon bidaia zein erretiroa aprobetxatu baitituzte Maizpide barnetegira etortzeko. Laida Begiristain zuzendariarekin batera etorriko dira hirurak.
Ohiko atalen artean, Santos Beloki eta Zeles Goitia ere izango dituzte gonbidatu. Zuzenean emango dute saioa, 12:05ean. Errepikapenak berriz, ostegunean (14:00) eta igandean (08:00) izango dira, eta saioa noiznahi entzun ahal izango da segurairratia.eus webgunean.