«Egindako lanaz hausnartzen bada, emaitza hobetu egiten da»
EHUko HEFA fakultatean Docentiaz programak duen eraginaz egindako ikerketa aurkeztu du Aitor Mendiak Urrutiak, UEUk antolatutako IkerGazte kongresuan.
Pedagogia gradu bukaerako lana aurkeztu du Aitor Mendiak (Beasain, 1995) UEUren IkerGazte kongresuan, Dozentiaz programak Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia (HEFA) fakultateko irakasleen irakaskuntza praktikan izandako eraginaz. Pedagogia gradua eta hezkuntza eta gizarte eremuetako ikerkuntza masterra egin ondoren, doktore tesia egiten hastekoa da orain, formakuntza dualaz.
Zer da Docentiaz programa?
Irakasleen irakaslana ebaluatzeko EHUk martxan jarritako programa pilotua da. Horrek esan nahi du oraindik ez dela derrigorrezkoa bertan parte hartzea, eta oraindik aldaketak egiteko prest daudela, ebaluatzen ari dira eta. Nik aukera izan dut zer egiten ari diren ikusteko, eta hori izan zen nire ikerketa.
Zer jakin nahi izan duzu?
Ebaluazio guztiek hobetzeko balio dutela suposatzen da. Eta jakin nahi nuen Docentiaz programak irakaskuntza hobetzeko balio duen ala akreditatzeko ba- karrik balio duen.
Ondorioa zein izan da?
Ondorio desberdinak daude. Neurri batean, irakasle gehien-gehienek esaten dute, beraiek egiten dutenaren inguruan hausnartzeko balio duela. Teoria pedagogiko desberdinek esaten dute egindako lanaz hausnartzen bada hobetu egiten dela, bai ala bai. Beraz, ondorioetako bat da, hobetzen dela. Hala ere, irakasleek diote, orokorrean, ez dutela hobetzeko tresna bat bezala ikusen; gehiago ikusten dutela, akreditatzeko balio dien zerbait bezala. Horren adibidea da irakasleei ez diela esaten zehazki nola hobetu behar duten.
Adibideren bat jar dezakezu?
Metodologia aktibo gehiago erabili behar dituztela esaten zaie irakasleei, baina ez diete esaten zein metodologia erabili, zein kurtso egin ditzaketen hobetzeko… Askotan irakaslea salduta bezala sentitzen da eta ez daki nondik hobetu. Orduan, nahiko gazi-gozoa izan da ondorioa.
Esperientzia pilotua dela esan duzu. Hobetzeko aukera egongo da, beraz.
Bai, oraindik hobetzeko tartea badaukate.
Zuk zeuk, Docentiaz programa hori hobetzeko proposamenak egin dituzu?
Ez, ez naiz sartu horretan. Ikerketa hau nire gradu amaierako lanetik ateratako lan bat da, masterrekoa ere bukatu dut, eta oso mugatuak dira. Oso epe txikia izaten da, eskolekin uztartu behar dira, ez dago laguntza ekonomikorik… Beraz, ailegatu naizenera ailegatu naiz. Bai esaten dudana da, metodologia aldetik ikusi beharko litzatekeela zer gehiago egin irakasleengana gerturatzeko. Beste proposamen bat izan da, baina garatu gabe, ikasleei eskaini behar zaien atzera elikapena edo feedback-a eraginkorra eta pertsonalizatuagoa izatea. Ez da berdina esatea oso ondo, segi horrela, edo hobetzeko daukazu… bakarrik; zentratuagoa izan beharko litzateke erantzuna, bakoitzak dituen beharretara egokitua, besterik ez bada, nondik joan gidatzeko.
Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia (HEFA) fakultatean kokatu duzu ikerketa.
Bai, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Pedagogia eta Gizarte Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia graduak daude. Alegia, hezkuntzan oso kontzientziatua dagoen fakultatea da. Beraz, ezin da orokortu bertan ateratako emaitzak EHU osora. Seguraski, fisika fakultatean ez lukete hain ondo ikusiko irakasle bat beraien gelara joatea, ea nola lan egiten duten ikustera… Bestetik, interesgarria izan da ikerketa fakultate horretan egitea, bertako irakasleek egindako proposamenak aberasgarriagoak izango direlako.