Goierri Valley-ren fakturazioa 4.100 milioi eurotik gorakoa da
Goierriko industria aliantza elkarteak urteko batzar orokorra egin du Beasaingo Igartzako jauregian. 63 enpresek osatzen dute Goierri Valley.
2018ko ekintzen memoria eta aurrekontuak onartzearekin batera, proiektuen jarraipena ere egin du gaur Goierri Valley elkarteak Beasaingo Igartzako jauregian egin duen urteko ohiko batzar orokorrean. Bilkuraren bigarren zatian, eskualdeko gainerako enpresei euren jardueraren berri eman die.
Jose Luis Perez Goierri Valleyko lehendakariaren esanetan, 63 enpresek osatzen duten “mundu mailan bakarra den aliantza industrial honek”, 4.100 milioi eurotik gora fakturatzen ditu “denen salmentak batuta”. Honez gain, 7.500 pertsonei ematen die lana eta 19 herrialdetan dauzka planta produktiboak nazio mailan duten presentziaz gain. “Azken urte honetan, 500.000 eurotik gorako diru sarrerak lortu dira elkartetik proposatutako proiektuak aurrera eramateko, eta %21a bakarrik etorri da bazkideen aportazioetatik”.
Erronkak
Perezek gogoratu duenez, bost dira Goierri Valleyren erronkak: “interkooperazio sarea, lankidetza sarea, ETEa indartzea, ikusgarritasuna eta notorietatea, eta balio erantsizko zerbitzuak”.
Proiektuak
Proiektuen artean, sei nabarmendu proiektu estrategiko dituzte:
- Enpresen arteko harremanen sustapena. “Goierriko enpresen arteko proiektuen exekuziorako giro egoki bat sortzeko asmoz, ezinbestekotzat hartzen da enpresetako pertsonen arteko erlazioak lantzea”. Helburu honekin, hainbat proiektu jarri dira martxan; besteak beste, gosari aurkezpenak edo ordezkarien datu basea.
- Impacto Comercial Pymes. Proiektu horren helburua Goierriko enpresa industrialen alor komertziala lantzea da, “elkartetik mundu mailan balio proposamen desberdin eta errentagarriak sortzeko”.
- Munduan. Nazioarteko prozesueetan enpresei laguntzea da proiektu estrategiko honen helburua, eta horretarako hainbat ekimen “berritzaile” jarri dituzte martxan: “Txile eta Mexikon aurrera eramaten ari diren akzioez gain, enpresen mapamundi bat sortu dute, herrialdez herrialde elkartearen nazioarteko presentzia islatzen duen erreminta”. Horrela, enpresa batek herrialde batera joateko informazioa behar duenean, “mapamundiaren bitartez merkatu zehatz horretan zein enpresak duten presentzia ikus dezake eta honela, berarekin harremanetan jarri ahal izango dituen zalantzak argitzeko”.
- Ilusion proiektua. Pertsonen konpromisoan oinarritutako kultura hedatzea da proiektuaren ardatzea. Proiektu parte hartzailearekin, enpresetan, pertsonak erdian kokatzeko helburuarekin, hiru beharrezko faktore aukeratu dituzte: lidergoa, elkarbanatutako proiektua eta komunikazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektua da, “enpresen beharrizan errealei erantzuteko” helburuarekin.
- Win&Win. Bailarako eraldaketa industrialaren prozesua martxan jarrita, “lehiakortasunaren trena ez galtzeko”, ETE industrialei bultzada ematea da helburua. Horretarako, sektore desberdinetan liderrak diren enpresen traktoreen begirada estrategikoetan oinarritu dira. Honela, “eskualdeko ETE industrialak aholkulari adituen eskutik, plan estrategikoa garatu” ahal izan dute.
- Laguntzen kudeaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta beste hainbat erakundek eskaintzen dituzten diru laguntzekin laguntzeko aholkularitza eskaintzen zaie Goierri Valleyko bazkideei. “Gaur egun arte, 10 proiektutan aholkatu dira enpresak, beti ere, proiektu horientzako finantzazioa lortzeko helburuarekin”.