Bero bolada zakarra dator
Bero kolpeak 38º arteko tenperaturak ekarriko ditu gaur eta bihar artean. Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia eman du gaurko, eta alerta laranja biharko, "muturreko" tenperatura altuengatik.

Termometroek goia joko dute egunotan. Afrikatik datorren bero kolpea dela eta, 38º-ra arte igo daitezke termometroak gaur-biharretan. Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia eman du gaurko; bihar eguerditik gauerdira arte berriz, alerta laranja, “muturreko tenperatura oso altuak” datozela eta.
Tenperatura maximoek ez ezik, minimoek ere gora egin dute nabarmen. Ordiziako meteorologia neurgailuan 27,3º-ko maximoa hartu zuten atzo, 13:40an. Gauean jaitxi da tenperatura, baina ez asko, 17,7º-koa izan da gutxieneko hozberoa, bart goizaldeko bostak aldera. Goizeko 07:00etarako ordea, 19,9º-ra igo da berriz.
Euskalmeten arabera, gaur 37º-ra arte igo daitezke termometroak barnealdean, eta bihar 38º-ra ere irits daitezke. Eguerdiko 12:00etatik 21:00ak artekoa da alerta egoera. Ostiralean ere jarraituko du, 37º-ra arteko tenperaturekin.