Bi ahizpa, helburu bakarra
Lide eta Amaia Erbina ordiziarrak maila handian ari dira Espainiako 7ko errugbi selekzioarekin. Lidek, Munduko Serieetako urteko jokalari hasiberririk onenaren saria jaso du. Helburua da Olinpiar Jokoetan aritzea dute orain:

Lanak eta esfortzuak saria du eta pozgarria da oso, sarituak emakume gazteak, kirolariak eta goierritarrak direla jakitean. Saria, kasu batzuetan, garaikur eran etor daiteke, eta beste batzuetan, lortutako emaitzek munduko onenen artean jartzea izan daiteke saririk onena.
Denboraldi borobila egin dute Lide eta Amaia Erbina ahizpa ordiziarrek errugbian. Madrilen daude, Espainiako selekzioak taldean nahi zituela esan zuenetik. Batera ari dira ametsa bizitzen. 18 urte ditu Lidek eta 22 Amaiak, eta kirolaren munduan, erronka asko betetzeko dituzte oraindik. Baina poliki-poliki ari dira helburuak betetzen. Eta aurrikusi ez dutenik ere iritsi da. Izan ere, bietatik gazteenak sari oso garrantzitsua jaso du duela egun gutxi Miarritzen.
Maiatza hasieran egin zuten publiko Munduko Emakumeen Seven Serieetako jokalari hasiberri onenen zerrenda. Munduko herrialde desberdinetako lau jokalari ziren izendatuak, eta tartean Lide Erbina. Denboraldi bikaina egin du ordiziarrak errugbi zazpiko Espainiako selek- ziorekin, eta egindako lanak saria izan du.
Miarritzeko Kasinoan azkeneko txapelketan parte hartutako talde guztiak bildu ziren afaltzeko ekainaren 16an, eta orduan banatu zituzten sarien artean iritsi zen Lidek jasotakoa. «Espero ez» zuela adierazi du errugbilari gazteak, eta «oso pozik» agertu da. Sarietarako izendatuta zegoela jakite hutsa «sorpresa handia» izan zela aitortu du, eta «gehiago» saria jasotzea. Estatu Batuetako, Australiako eta Ingalaterrako jokalariak ziren beste hiruak, eta haien aurka «egiteko gutxi» zuela uste zuen. Baina aurkezleak, unea iritsita, Lideren izena oihukatu zuen. Une hartan «taldekide guztiak pozez garrasika» hasi zirela kontatu du; guztien artean «ahizpa izan zen gehien poztu zena, ni baino gehiago esango nuke». Orain, taldekide guztiek ‘Rookie’ deitzen diotela esan du; eman dioten sariaren kategoria da rookie.
Olinpiar Jokoak helburu
Bestalde, taldeak Miarritzen Munduko Zazpiko Serieetan jarraitzea lortu du, laugarren postua eskuratuta, Europako taldeen artean lehena. Erbinarrek esan dutenez, «taldearen hasiera-hasierako helburua zen» eta baita lortu ere. Beraz, sari bikoitza jaso dutela esan daiteke.
Emaitza hori «mentalki ge-hien behar genuen momentuan» iritsi dela esan dute bi ahizpek. Izan ere, 2020an To-kion jokatuko diren Olinpiar Jokoetan sailkatzeko lehia hasiko baitute laster. Denboraldia gogor joan da eta normala da une honetan fisikoki eta mentalki nekea nabaritzea. Baina bai Lidek jasotako sariak bai taldeak lortutako laugarren postu horrek «energiaz bete» ditu.
Olinpiar Jokoetara joateko txartela eskuratzeko lehia uztailean hasiko da, eta esan dutenez, «Europako taldeen artean lehenak» gelditu beharko dira. Munduko Serieetako laugarren postuarekin «gainontzeko selekzioentzat aurkari gogorrak» izango direla garbi dute orain, eta «konfidantza extra» hori, «oso lagungarria» izan daiteke. Orain arte, beste herrialdeetako selekzioek «gutxietsi» egiten zituztela sentitzen zuten. Baina ederki erakutsi dute errespetuz tratatu beharko dituztela, maila oso altua erakutsi dutelako.
Gazteak izanda ere, txapelketa oso garrantzitsuak jokatu dituzte Erbina ahizpek. Amaiaren bigarren Olinpiar Jokoak izango lirateke, Tokiora heltzea lortzen badute. Liderentzat, berriz, lehenengo aldia.
Une hau «izugarria» izaten ari dela esan du ahizpa gazteenak. Orain arte, telebistaren beste aldetik ikusi izan ditu Olinpiar Jokoak, bertara iristea «oso zaila» dela pentsatuz. Momentuz, iritsi den tokira iristea «lorpen oso handia» dela garbi dauka.
Amaiak «pixka bat lasaiago» hartuko du. 19 urterekin bizi izan zuen lehenengoz Olinpiar Joko batzuetan jokatzeko esperientzia. Hori bai, «ilusio berezia» du, «ahizparekin jokatzeko aukera» izango baitu. Beraz, hurrengo hilabetean entrenamendu saio bikoitza egingo dute hitzordura indartsu iristeko.