Oilar-jokoa desager ez dadin, parte hartzeko deia egin die udalak gazteei
Bihar egingo dute Euskal Herria plazan, 19:00etan. 12 urtetik 18 urtera arteko neska-mutilek jokatu ahalko dute. Urtetik urtera parte hartzeak behera egin duela sumatu dute

Legazpik, Baztango (Nafarroa) herri batzuekin batera, oilar-jokoaren tradizioari eutsi dion herri bakanetakoa da. Korpus zortzigarrenean ospatzen da Legazpin; aurten, bihar egokitu da, 19:00etan, Euskal Herria plazan. Izan ere, plaza azkenekoz berregin zutenean, harlauza baten gainean oilarra margotu zuten. Aspaldiko ohitura gorde dute Legazpin, lehenengo idatzizko erreferentzia 1808-1810ekoa da, baina parte hartzeak behera egin du azken urteetan eta udaletik deialdi berezia egin dute, jokalaririk gabe ezin baitzaio tradizioari eutsi. Biharko ekitaldian 12 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute. 12-18 urte bitartekoa da jokalarien adin tartea, 1980an Jose Inazio Elortza alkateak ezarri zuena.
Plazako harlauzaren gainean kaiolan sartutako oilarra kokatuko dute. Begiak estalita doan jokalariaren bidelagun izango dira jendearen oihuak nahiz txistularien doinuak. Txistulariek Tranka-tranka pieza joko dute, oilar-jokoa egin bitartean baino jotzen ez dutena. Hala, ehiztari deitutako jokalariari modu batera zein bestera oilar-kaiolatik gertu dagoen ala ez adieraziko diote, baita alboetako soketara hurbiltzen ari ote den ere doinuen bolumena goratuz edo jaitsiz, zeren soka ukituz edo gaindituz gero, ehiztaria jokotik kanpo geratuko baita. Egun, oilarrari lepoa moztu baino, haren inguruan biribil bat egitearekin nahikoa izango du jokalariak. Lepoa mozteko debekua 1932koa da.
Garai batean, oilarra irabazten zuen jokalariak. 2004tik, aldiz, garaileak ez du oilarrik eramaten eta haren ordez 20 euroko saria jasotzen du. Izena 18:45etik aurrera eman behar da udaletxeko arkupeetan. Oilar-jokoaren ondoren, Korosti dantza taldeko kideek gidatutako erromeria ibiltaria izango da.