Zaldibian Gazte Festak ospatuko dituzte bihartik zapatura, 22. aldiz
Arkakusoaren jaitsierarekin hasiko du egitaraua Gazte Asanbladak, gaztetxean. Baltsa jaitsiera etzi da. Bi gautan musika saioak. Sagardo eta pilota, larunbaterako

Zaldibiako gazteen urteko jaialdi gustagarrienetako bat Gazte Festa izan ohi da. Aurten 22. urtea dute, eta bihartik larunbatera bitartean ospatuko dituzte, Zaldibiako Gazte Asanbladak antolatutako egitarauarekin.
Gazteentzat zuzendutako jarduerekin garatuko dituzte lehenengo bi egunak. Antolamendua sendotu, elkarren ezagutzan sakondu eta festa giroan gazteriaren ekarpena herriari egitea izango dira, beste behin, helburuak. Ibilbide luzeko ekitaldiak tartekatu dituzte berriagoekin.
Arkakusoa —zaldibiarren izengoitia— gaztetxetik kalera jaitsita hasiko dira festak, bihar. Aurretik, street boulder kaleko eskalada lehiaketa egingo dute. Herri guneko hormetan eta egituretan, lehen bistan gainditu beharko dituzte partaideek markatutako zirkuituak, altuera txikian. Umeek eskulanak egiteko aukera izango dute.
Azkeneko jardunaldirako, Zaldibian oso estimatuak diren bi hitzordu erreserbatu dituzte: Sasipilotari herriko pilota txapelketaren finalak, eta zahar eta gazte batzen dituen sagardo dastaketa; 13.a da aurtengoa.
Hamabost sagardo edateko
Sagardo edatea larunbatean 20:00etan hasiko da, plazan. Hamabost sagardotegitatik ekarriko dituzte edariak: zortzi eusko labeldunak dira. Pintxoak eskainiko dituzte jateko, eta jendeak etxetik ere eramango du afaria.
Sasipilotariko finalaurrekoak astean zehar jokatuko dituzte.
Zaldibian 22.Gazte Festa
Bihar
· 17:30. Street boulder lehiaketa eta haurrentzat eskulanak.
· 19:00. Kalejira gaztetxera.
· 19:30. Arkakuso jaitsiera.
· Gero. Poteoa, buruhandiak eta erraldoiak.
· 21:30. Afaria eta sorpresa.Ostirala
· 14:00. Bazkaria ogitartekoekin.
· 15:00. Tertulia militantziaz.
· 16:30. Baltsa jaitsiera.
· 19:30. R ke R elektro-txaranga.
· 20:00. Kontzentrazioa.
· 23:00. Kontzertuak: Bake Faltsua, Iluntzean eta Zure Etsai.Larunbata
· 18:00. Joxemari Carrere ipuina.
· 18:30. Sasi-pilotari txapelketa.
· 20:00. 13. Sagardo Dastaketa.
· 23:00. Kontzertuak: Mugipanderoa, Ziribulio Sound.
Ikasle Abertzaleek gaur hasiko dute Goierriko Martxa
Goierriko Ikasle Martxa gaurtik ostiralera gauzatuko dute, Ikasle Abertzaleak antolamenduaren eskualdeko taldeak antolatuta. Ormaiztegi, Idiazabal eta Zaldibia dira topagune.
Partaideei harrera eta aurkezpena gaur 10:00etan egingo diete, Ormaiztegin. Ezagutza jolasak eta auzolana goizean, bazkaria, hitzaldia (17:00) eta Iturriotz, Bizkarra eta Aiestaranekin bertso afaria (21:00) dute.
Bihar Idiazabalera joko dute, Ormaiztegin gaua igaro eta gosalduta, oinez. Bazkaltzera iritsiko dira. Gaubela Maialen eta Arrirekin izango dute. Etzi, Lazkaomendin hamaiketakoa egin, eta Zaldibiako Gazte Festara iritsiko dira Martxakoak.