Paco de Miguelek erakusketa irekiko du interpretazio zentroan
Paco de Miguel artista zumarragarrak 'Altzairuaren nahikeriak' (Caprichos del acero) erakusketa zabalduko du gaur, Antioko interpretazio zentroan.
Paco de Miguel zumarragarrak Altzairuaren nahikeriak (Caprichos del acero ) erakusketa irekiko du gaur, 19:00etan, Antioko interpretazio zentroan. De Miguelek Orbegozo enpresan lan egin zuen (ondoren ArcelorMittal) eta erakusketan ijezketa prozesuan egondako akatsen erruz forma xelebreak hartu zituzten altzairu piezak bildu ditu.
De Miguel Burgosko Cabezon de la Sierra herrian jaio zen. 9 urterekin Zumarragara etorri zen. La Salle-Legazpi ikastetxean egin zituen ikasketak. 1968 urtarrilaren 20an, 17 urterekin, Orbegozon hasi zen lanean. 48 urte eman zituen bertan. ArcelorMittalek Zumarragako fabrika itxi behar zuela jakinarazi zuen egun berean heldu zitzaion bere jubilazioaren konfirmazioa.
48 urte horietan hainbat postutan lan egin zuen. Deformatzen ziren hagek forma bereziak hartzen zituztela ikusi zuen, eta pieza horiek etxera eramatea erabaki zuen. Etxean ukituak ematen zizkien. «Batzuk txundituta gelditzen dira nire lanak ikusten dituenean. Lan horiek egiteko zenbat denbora behar izan dudan galdetzen didate. Piezak horrela atera dira ijezkailutik. Nik txukundu egin ditut».
Erakusketak
Dagoeneko Burgos eta Palentziako hainbat herritan erakutsi ditu lanak. «Hemen lan egin dutenek, erakusketa iragartzen duten kartela ikusten dutenean, erakusketara joaten dira. Ez da harritzekoa, beraiek ere bizitza osoa eman baitute altzairuarekin lanean. Nekazariei ere oso deigarriak iruditzen zaizkie. Hauei kontrakoagatik: altzairuarekin inongo zerikusirik ez duen lanbidea dutelako».
Zumarragako alkateak, lanak ikusi eta interpretazio zentroan erakusketa egitea proposatu zion. Handik ArcelorMittal ikusten da. Bertatik atera ziren De Miguelen artelanak. Zumarragako fabrika handian lan egin zuten milaka langileen artelanak.