Aian Santa Ixabel jaiak gaur hasiko dira, Huntzarekin
Ume jolasak eta herri afaria ere badituzte. Sagardoa eta sardinak banatuko dituzte bihar. Izaki Gardenak eta Fan&Go taldeek joko dute. Igandean, pilota eta dantza
Ataungo Aia auzoko Santa Ixabel jaien zatirik mardulena asteburuan ospatuko dute, gaurtik igandera. Ondoren, zaindariaren eguna uztailaren 2an gogoratuko dute, asteartearekin.
Ohi bezala, egitarau oparoa antolatu du Aiako Festa Batzordeak. Goi mailako talde ospetsuen musika kontzertuak ikur hartuta, herri giroko ekitaldiekin osatuko dituzte festak.
Gaur arratsaldean hasiko dira. Ume jolasak, puzgarriak eta txokolate-jana izango dituzte, 16:00etatik aurrera. Gauerako, bi ekitaldi jendetsu jarri dituzte: auzo afaria (21:30ean) eta musika kontzertuak. Huntza taldeak joko du, 00:00etan hasita. Aiako oholtzan ariko dira Aitzol eta Inhar Eskisabel ataundarrak. Erromeria luzatzeko, Ioar Aizpurua DJ ataundarrak jarraituko du lehenengo gaua musikaz girotzen.
Bihar ere arratsaldean ekingo diote egitarauari. Otsoak dantza taldeak saioa egingo du (17:00), eta trikitilari gazteek joko dute gero. Sagardo eta sardina dastaketa da biharko erakargarritasun bat, 19:00etan. Gauak ez du inbidiarik: gazte afaria (21:00) eta kontzertu bat: Izaki Gardenak eta Fan&Go erromeria taldeek joko dute, gauerditik aurrera.
Igandea eta asteartea
Asteburua borobiltzeko, igandean Eate abesbatzaren kantaldia (12:00), kantu poteoa, 33. Dantzari Txikien txapelketa (18:00) eta pilota partidak (19:00) daude: Barandiaran-Alzua, Irastortza-Barriolaren aurka; eta IV. Txapelketa Herrikoiko finalean, Zubizarreta Arrillagaren aurka.
Asteartean meza (11:00), hamaiketakoa, herri bazkaria (14:00), bertsolariak, trikitilariak eta toka lehiaketa (18:30) dituzte.