Ezkion sanpedroak ere ospatzen dira
Gaur eta bihar ospatuko dituzte Ezkion San Pedro jaiak. Udalerriko Santa Lutzi auzoko jai nagusiak dira. Ume jolasekin ekingo diote gaur arratsaldean aurtengo festen egitarauari
Ezkioko Santa Lutzi auzoan San Pedro jaiak ospatuko dituzte gaur eta bihar. Gaur arratsaldean hasiko dira ospakizunak; bihar, goizean hasi eta gauera arte murgilduko dira jai giroan. Ezkio auzoeka banatuta dagoenez, goiko herrigunean San Migel jaiak ospatzen dituzte eta Santa Lutzi auzoko jai nagusiak asteburukoak dira, sanpedroak.
Haurrek ekingo diete gaur festei. 16:30ean ume jolasak egingo dituzte, eta ondoren auzoko tabernetatik pintxo pote musikatua izango da, 18:30etik aurrera. 20:00etan futbolin txapelketa izango da eta 21:30ean mus txapelketa. Jaiari segida emango diote gauean Mugi Panderoa taldearen kontzertuarekin, 23:00etan izango da. Gaur gauean afaltzeko ogitartekoak salduko dituzte Ganbara guraso taldearen ekimenez.
Bihar, San Pedro egunean, ekintzak goizean hasiko dira. 11:00etan meza nagusia izango da Izazpe abesbatzak lagunduta. 12:00etan Gabiriako Goruntz dantza taldeak, urtero bezala, dantza ikuskizuna egingo du. Ondoren, 12:30ean, luntx herrikoia eskainiko dute auzoan jarritako karpan.
Arratsaldean haurren txanda izango da berriro, eta puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute. Bien bitartean, futbolin txapelketaren finala jokatuko dute. 18:00etan herri kirol desafioa izango da, eta 19:30ean, toka lehiaketa. Herri kirol desafioa haurrei zein helduei zuzendutakoa da. Herritarrek parte hartzea da helburua. Hasi bost kiloko txingak zamatuko dituzten haurretatik ingudean nahiz trontzan arituko diren helduetara arte. Kaskara-jokoan eta aizkoran ere arituko dira.
Santa Lutziko plazan egingo duten herri afaria izango dute ondoren. Afalostea Elortza trikitilariek girotuko dute eta goizaldean bingo jokoa eta txokolate jana izango dira. Karpa eta oholtza prest dituzte, eta edariak hozkailuan daude jada.