Legazpiko Futbol 7 txapelketako final handia jokatuko dute bihar Bikuña zelaian
Iazko irabazle Mercenarios taldeak Tzelzi taldearen kontra jokatuko du finala. Aurretik 3. eta 4. postuak ebatziko dira Culebras eta Hang Over taldeen artean
Bihar egun seinalatua da Legazpin. Futbol 7 txapelketaren finala jokatuko da Bikuña zelaian eta lehiaketaren bueltan ibili diren 360 legazpiarrek munduko finala balitz bezala biziko dute, izan ere, Legazpiko finala denez gero, biharkoan Legazpi mundua bilakatuko da. Mercenarios taldea bigarren titulua lortzen saiatuko da iaz haiek izan baitziren garaileak; aurten, pare bat fitxaketa egin dituzte eta are indartsuago daudela erakutsi dute. Jokalari beteranoen taldea jokalari oso gazteek osatutako Tzelzi taldearen kontra neurtuko da.
Finala bigarren partida izango da. Aurretik 3. eta 4. postua jokatuko dituzte Culebras eta Hang Over taldeek. Culebras taldea talde beteranoenetakoa da, iaz ez zuten parte hartu eta aurten talde indartsua osatu duten arren, ez dira finalera heldu; bai, ordea, finalerdira. Hang Over taldeko jokalariak oso gazteak izanda ere, badute eskarmentua Futbol 7 txapelketan.
Herri futbolaren festa 11:00etan hasiko da; finala 12:30ean izango da.
Finalaren atarian Champions-eko ereserkiaren doinuak aterako dira bozgorailuetatik. Taldeetako jokalariak ilaran irtengo dira, aurreskua dantzatuko diete eta Ane Belokik bertsoak kantatuko dizkie. Hori guzti hori, solemnitate handiz eginda. Taldeen aurkezpena eta argazkiak egin ondoren, harmailak lepo daudela, finala hasiko da.
Epailea beasaindarra izango da, «Legazpi kanpokoa izan dadin saiatzen gara inongo ika-mikarik sor ez dadin», dio Eñaut Auzmendi txapelketaren antolatzaile taldeko kideak.
Sariak bazkalostean
Behin finala amaituta 400 pertsona inguru elkartuko dira Azokan egingo duten bazkarira. Bazkaria 15:00etan hasiko da. Musika jarriko dute eta bazkalostean sari banaketari ekingo diote. Sariak irabazleek eta bigarren zein hirugarren postuan geratu direnek jasoko dituzte. Horiez gain, urtero-urtero bezala jokalari onenari saria emango diote, hau da, Aiztonagako Tigreari. Pitxitxiak ere saria eramango du.
Ondoren, parranda galanta egingo dutenaren seinale da Legazpiko tabernariek finalaren eguna jaietako egun baten parean jartzen dutela. Parrandan bidelagun izango dute Legazpiko RKR elektrotxaranga.
Txapelketan 29 taldek parte hartu dute, guztira 360 lagun; horietatik 69 neskak izan dira. Gero eta gehiago dira neskak. Aurten, gainera, Neskontrol taldea lehenengo aldiz sailkatu da final zortzirenak jokatzeko eta inoiz baino gorago iritsi dira neskak sailkapenean.
Antolatzaileen lanak gailurra joko du biharkoan. Beti bistan geratzen ez bada ere, maiatza aurretik lan eta lan ibili baitira.