Zaldibiako gazteak, festan blai
Zaldibian 22. Gazte Festak ospatzen ari dira atzotik. Gaur, Amundarain errekan behera jaitsi dira herriko gazteak, mota guztietako baltsekin. Gauean kontzertuak izango dituzte.
Beroari aurre eginez, Amundarain errekako uretan dabiltza Zaldibiako gazteak. Atzo hasi zituzten 22. Gazte Festak, Arkakuso jaitsierarekin, eta gaur, bazkariaren eta tertuliaren ondoren, baltsa jaitsiera egin dute. Mota guztietako tramankuluak prestatu dituzte herriko gazteek, bi zubien arteko ibilbidea osatzeko; batzuk nahikoa lan izan dute baltsak osorik mantentzen ere. Giro ederra sortu da arratsalde partean.
Festak iluntzean izango du segida, R ke R elektrotxarangarekin; segidan elkarretaratzea egingo dute, eta gauean, Bake Faltsua, Iluntzean eta Zure Etsai taldeen kontzertuak izango dituzte.
Hiru eguneko egitaraua osatzeko, bihar ere izango dute jai giroko ekitaldirik. Joxe Mari Carrere ipuin kontalariak saioa egingo du 18:00etan; segidan, Sasi Pilotari txapelketako finalak jokatuko dituzte plazako frontoian. Iluntzean, 20:00etatik aurrera, 13. Sagardo Dastaketa izango dute, eta gauean, kontzertu gehiago, Mugipanderoa eta Ziribulio Sound taldeekin.