Egun handia, Mutiloan
San Pedro egunean, bazkaldu eta afaldu, lagun artean egingo dute mutiloarrek.
San Pedro eguna berezia da Mutiloan eta jai giroa nabari da. Jende ugari bildu da ostatuaren inguruan beroari aurre egiteko tragoren baten bila. Gazte bazkaria egin dute eguardian. Atzo jandako oilaskoak bezala ez erretzeko, gerizpea eskertu dute. Norbait gosez geratu bada, lasai egon dadila: afari herrikoia antolatu dute iluntzean, 21:00etan.
Tartean, arratsaldean zehar, puzgarriak prestatu dituzte gaztetxoenentzat. Era berean, 00:30etatik aurrera, Tio Teronen Semeak konpainiaren Festamentua ikuskizuna egongo da eta, jarraian, Guri 5 taldearen kontzertua.
Egitaraua:
Gaur: | |
14:30 | Gazte bazkaria |
17:00 | Real Sociedad puzgarriak |
21:00 | Herri afaria |
00:30 | Tio Teronen Semeak Festamentua ikuskizuna |
Jarraian | Guri 5 |
Bihar: | |
11:00 | Bola lehiaketa |
11:30 | Meza nagusia |
12:15 | Goruntz dantza taldearen ikuskizuna |
12:30 | Txakolin dastaketa Maria Lasa eta Irati Irurzun trikitilariek girotua |
18:30 | Herri kirolak |
Jarraian: | Maria Lasa eta Irati Irurzun trikitilariak |
Bihar ere bada zer ospatua, indarrik gelditzen bada, bederen. Bola lehiaketarekin ekingo diote egunari mutiloarrek, eta meza nagusiaren ostean, Goruntz dantza taldearen ikuskizuna egongo da. Bien bitartean, txakolin dastaketa egongo da Maria Lasa eta Irati Irurzun trikitilariek girotua; arratsaldean, Iñaki Azurmendi, Aratz Mugerza, Joseba Otaegi eta Xabier Zaldua aizkolarien desafioa egongo da, eta Xabier Aranburu “Guzta” harri-jasotzailearen erakustaldia. Sanpedroak Maria Lasa eta Irati Irurzun trikitilariek itxiko dituzte.