Aztiriko Mendi Lasterketarako izena Internet bidez emateko modua jarri dute
Berritasunekin dator Aztiriko 15. Mendi Lasterketa; aurrenekoz, Internet bidez izena emateko bidea jarri dute, eta kamiseta berezitua ere atera dute.

Uztailaren 21ean jokatuko da Aztiriko 15. Mendi Lasterketa, igande goizeko 11:00etan hasita, Gabiriako Aztiria auzoan. Aldaketa nabarmen bat egin dute antolatzaileek, antolamenduari dagokiona: lehendabiziko aldiz, Internet bidez eta aurretik eman ahalko da izena. Kamiseta berezitua ere atera dute, estreinakoz.
Herri lasterketen izen-emate kudeaketaz eta sailkapen-kronometrajeaz arduratzen den Rockthesport plataforman eman behar da izena. Uztailaren 18ra arteko epea dago, eta 10 euro ordaindu behar da.
Otañuraino, ia 11 kilometro
Aztiriko Mendi Lasterketan azken urteetako ibilbidea osatu beharko dute korrikalariak, 10,5 kilometrokoa. Plazatik irten, Aizaleku barrenera joan-etorria egin, eta Oñatu (835m) eta Aizpuru (790) igoko dituzte. 470 metroko desnibel positiboa du probak.